Lorena López de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkaria eta ALEko presidenteak mobilizazioan parte hartuko du eta “Europak demokrazia eta justiziaren aldekoa postua erakusteko aukera duela” ohartarazi du
Europako Parlamentuko Hasierako Osoko Bilkurarekin batera Estrasburgon bihar hauteskundeetan hautatutako Oriol Junqueras, Carles Puigdemont eta Toni Comínek beraien aktak jaso ahal izan dezaten eskatzeko egingo den manifestazioan parte hartuko du Eusko Alkartasunak. Lorena López de Lacalle, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkaria eta Aliantza Libre Europarreko presidenteak ohartarazi duenez, “une kritikoan daude europar erakundeak, Estatu espainoleko interesei men egin beharrean demokrazia eta justiziaren aldeko apustua erakusteko aukera baitute”.
Independentismoak Kataluniatik at egingo duen hirugarren manifestazioa izango da biharkoa, Bruselan eta Madrilen egin dira aurretik, biak ala biak oso jendetsuak. Horrela, erakusleihoa izango du bihar mugimenduak Europako iritzi publikoa eta arduradun politikoen aurrean.
Lorena López de Lacallek gogoratu duenez, Oriol Junqueras ez da bakarrik Ahora Repúblicas-eko hautagaia, baita ALE-Berdeak taldearen –Ganberako laugarren handiena- spitzenkandidaten, edo Europar Batzordearen presidentea izateko hautagaia ere. Junquerasek ezin du akta jaso Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz, eta Puigdemont eta Comínek Estatuak aktak Madrilen jasotzeko betebeharra ezarri duelako.