2006. urterako finkatutako 142 konpromezuetatik , %79a eginak edo hasiera fasean daude
Garapen Jasangarrirako EAEko 2002-2020 Ingurumen Estrategiak (Eusko Jaurlaritzako Sailak 2002. urteko ekainaren 4ean onartuta), bere lehenengo urtea egin du, eta gaur Sabin Intxaurragak, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua, Eusko Jaurlaritzari aurkeztu dion Urteko Garapen Txostenak adierazten duenez, ingurumeneko jarduera garrantzitsuak onartu eta aplikatu dira Administrazio eta parte hartzen duten ordezkari sozialen bitartez.

“Garapen Jasangarrirako EAEko Ingurumen Estrategia bizitza kalitate hobeago duen eta gaurko eta geroko belaunaldiekiko solidariago den etorkizun baterako bidea da, eta gaur bide hori hasita dagoela eta martxa onean hasi dugula esan dezakegu. Horrela jarraituz gero, ingurumen osasuntsua duen etorkizun hurbil batera iritsiko gara, alde batera utzita aurreko garaietako jarrerek sortutako ondorioak, hau da, garapenaren erabilera okerrak baliabide naturalak xahutzerraz gain, gure zoluak, urak eta airea kutsatu zituzten garaia”.

Garapen Jasangarrirako EAEko Ingurumen Estrategia bere zehaztasun maila eta neurgarriak diren helburuengatik nabarmentzen da. Kopuru eta epeetan zehazturiko 200 baino konpromezu gehiago ditu, Estrategia gardena eta kontrolatzeko erreza bilakatuz. Bere denboraldia bi epeetan banatzen da , 2006. urtera bitartekoa eta 2020koa. Bi oinarrizko adierazle ditu: jasangarritasunarenak eta burukoak. Lehengoek Estrategiaren betetzea adierazten dute, aurreikusitako jarduerak betetzen ari diren ala ez, alegia. Bigarrenek –azaroan argitaratzen direnek- jarduera horien emaitzak eta ondorioak azaltzen dituzte.

Gaur ezagutzera eman den txostenak Estrategia aurreratzen ari den ala ez agertzen du. Nolabait kuantifikatzeagatik, 2006. urterako hartutako 142 kompromezutik %79a hasita edo eginak daude. Etorkizunean, hiru urte ditugu gelditzen diren 30 kompromezuak, hau da, %21a, betetzeko.

ONDORIOAK

Lehena. Garapen Jasangarriaren 2002-2020ko Euskal Ingurumen Estrategia abian jarri dela ziurtatzen da

Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategia 2002-2020 onartzea, berez, gertaera historikoa izan da, EAEko plangintza estrategikoaren prozesuan. Horretan, ingurumenaren ikuspegitik jasangarritasunaren prozesuan aurrera egiteko EAEko gizartearen helburuak, irizpideak eta konpromisoak biltzen dira. Estrategia diseinatzeko prozesuan gizarteko eta instituzioetako eragile nagusiek hartu zuten parte; baina, are garrantzitsuagoa da, horiek guztiek hartu duten konpromisoa, esku-hartze maila, funtsezkoa baita finkatutako helburuak lortzeko.

Euskal Ingurumen Estrategia ez da administrazioa programatzeko dokumentu hutsa izango; aitzitik, erreferente bizi eta dinamikoa izango da EAEko eragile eta herritar guztientzat, jasangarritasunaren bidean aurrera egin nahi duen, eta aurrera egiten duen, gizarteko kide gisa erabil dezaten.

Txosten honetan azaltzen den bezala, jarduera ugari eta garrantzitsuak garatu dira, Estrategia onartu zenetik, ingurumena planifikatu, arautu eta kudeatzeari dagokionez. Adibidez: lurzorua eta ura baliabideak kudeatzeko arau-esparrua prestatzea, garraioaren arloan planifikatzea, hondakinak kudeatzea eta lurraldea antolatzea.
Oro har, koadro honetan, Estrategian azaltzen diren 2006ra arteko 141 konpromiso programatikoetan gaur arte, bai xedeetan bai baldintzetan, bai eta segimenduan ere, egindako aurrerapenen laburpena azaltzen da.

. Bigarrena. Euskal Autonomia Erkidegoan ingurumenaren egoera hobetzen ari da, baina arazo batzuek bere horretan jarraitzen dute, oraindik ere.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ingurumenaren egoerari dagokionez, 2002ko Ingurumen Adierazleen txostenaren ondorioek adierazten dute uraren, airearen eta lurzoruaren kalitatean, hondakinen kudeaketan eta tokiko eta enpresako jasangarritasunean garapena positiboa izan dela. Bestalde, natur baliabideen (ura, energia, materialak eta lurzorua) kontsumoan, sortutako hondakin-kantitatean (hiriko hondakinak batez ere), berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioetan eta tokiko mugikortasunaren arloan kontrako joera dagoela adierazten du.

Hirugarrena. Ingurumenaren jasangarritasuna sektore politiketan integratzeko prozesuan sakondu behar da

Ingurumen-politikak ezin die berak bakarrik ingurumenarekin lotzen diren arazo guztiei irtenbidea eman. Beraz, ingurumen-helburuak politika publiko guztietan integratu behar dira. Administrazioari, gainera, ingurumena hondatzea eragozteko planak eta programak ezartzeko aitzindari izan dadila eskatzen zaio.

Lehen ekitaldi honetan aipatzekoa da jasangarritasunaren mezuak izan duen barneratze-maila. Horren ondorengo erronka izango da erabakiak hartzeko lanean mezu hori sakon txertatzea. Hori dela eta, Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura bateratua arautzen duen dekretua martxan jartzea urrats garrantzitsua izango da integrazioari dagokionez; izan ere, modu eraginkorrean bermatu behar du, plan eta programa publikoak definitzean ingurumen-konpromisoa kontuan hartuko dela, batez ere, ingurumenari dagokionez garrantzitsutzat jo diren sektoreetan (industria, garraioa, lehen sektorea, energia eta etxebizitza). Halaber, administrazioko funtzionarioentzat integrazio hori sustatzeko Ingurumen Trebakuntza Plan bat ari dira diseinatzen.
Dena dela, oraindik asko dago egiteko integrazioaren eremuan eta esku hartzen duten eragileen arteko koordinazioan.

Laugarrena. Herritarrak gehiago inplikatu behar dira

Gaur egungo ekoizpen-eredua eta kontsumoa sistema jasangarriago batera aldatzeko, gizarteak esku-hartzeko prozesu garrantzitsua gertatu behar dela adieraztea garrantzitsua da. Horretarako, derrigor, komunikazio-sistemak hobetu eta herritarrak mobilizatu behar dira, horiek berak eska eta exiji ditzaten ekoizpen-sistema eta kontsumo eremu jasangarriagoak.

Finean, agintzeko modu berri bat da, administrazioa gehiago hurbilduko zaio herritarrari, zein kezka duen galdetuko dio, arazo bakoitzari irtenbide egokienak bilatzen eta aplikatzen parte hartzeko gonbita egingo dio eta, gainera, lortutako emaitzen ebaluazioa egingo du herritarrarekin batera. Kudeaketa publikoan bikaintasun-eredu baten aldeko gardentasunari beldurra galdu behar zaio. Ildo horretan, 2 urtean behin egiten den Ekobarometro Soziala arlo horretako aurrerapen maila neurtzeko tresna eta adierazle egokia da.
Funtsean, garapen jasangarriaren aldeko apustua jakintzan oinarritzen da eta ondo gobernatzearen oinarrian dauden printzipioen ondorio da: gardentasuna, koherentzia, eraginkortasuna, kontrol eta parte-hartze publikoa. Eta, horrela, bizi-kalitatea handitzea, eta baliabideen erabilera eta ingurumen-degradazioa erabat txikitzea lortzen dugu.

Bosgarrena. Garapen Jasangarriaren Ingurumen Estrategiaren 2004ko erronka nagusiak

Erronka estrategiko bat jasangarritasunerako prozesuan oinarrizko alderdi hau garatzea da: ekoizpen eta kontsumo jasangarriak. Ondasun eta zerbitzuen bizi zikloan natur baliabideen eta material toxikoen erabilera, poluitzaileen emisioak eta hondakinen sorrera minimizatu behar dira. Ezarritako ekoizpen-ereduan ingurumen aldagaiaren pertzepzioa aldatzean, kostu gehigarri gisa ikusi beharrean, ingurumena sektore ekonomikoetako ekoizpen-ziklo osoan sartu beharreko lehiakortasun tresna gisa hartuko da (ekoizpen garbia).

Alabaina, zenbait sektoretan, oraindik ere, ez da lortu hazkunde ekonomikoa eta inpaktuen sorrera bereiztea (sektorearen ekoeraginkortasuna); beraz, tresna berriak ezarri behar dira. Tresna horiek definitzean eta gauzatzean, enpresak eta herritarrak izan behar dira kontuan, eta merkatuko mekanismoen arabera funtzionatu behar dute. Hurrengo ekitaldian, erronka handienetako bat izango da tresna berriak (borondatezko hitzarmenak, etiketatze ekologikoa, etab.) kontuan izango dituzten estrategiak eta programak diseinatzea. Estrategia eta programa horiek ingurumen-sektore eta arlo hauek bilduko dituzte:

Euskal energia-estrategia
Kontsumo jasangarriari buruzko arauak
Eraikuntza jasangarriari buruzko arauak
Euskal Autonomia Erkidegoko Barruko Arroen Plangintza Hidrologikoa
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzorua Babesteko Legea eta Lurzoru Poluituen Plana
Zarata-maila handien eraginpean dagoen populazioa murrizteko estrategia
Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Plana
Biodibertsitateari buruzko Trebakuntza, Hezkuntza eta Sentsibilizaziorako ingurumen-plan estrategikoa

Seigarrena. Ingurumenaren arloan garapenaren lankidetza indartu egin behar da

Ingurumenaren arloan, eskualdeko beste gobernuekin elkarrekin aktiboki lan egiten hasi da, NRG4SD (Garapen Jasangarrirako Eskualdeetako Gobernuen Sarea) bidez. Hauek dira Sare horren helburuak: maila globalean, sareko kideen ordezkari izatea, eskualdean Garapen Jasangarria sustatzea, mundu osoko eskualdeetako gobernuekin garapen jasangarriari buruzko politiken inguruko esperientziak eta informazioa partekatzea, NRG4SDko kideen arteko ulermena, lankidetza eta elkartzea sustatzea, Garapen Jasangarrirako Eskualdeetako Gobernuen ekarpena nazioartean aitortzea bilatzea eta Nazioarteko Erakundeetan eta gobernu nazionaletan ordezkaritza lortzea. Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri da Brasil eta Indonesiako beste eskualdeetako gobernu batzuekin, eta, ondorioz, laster lankidetza-hitzarmenak lortzeko aukera dago.

Jatorria: Sabin Intxaurraga