Egutegiak aurrera darrai zer gerta ere, eta hala, urtero legez, maiatzaren 9a heldu zaigu; Europako eguna. Baina gaurkoa ez da beste Europako egun bat.

Egungo Europar Batasunaren zurtoinak gaurko egun batez, orain 70 urte ezarri zituzten Estatu-Nazioa erreferentzia politikotzat zuten gizon batzuek. Baina jaiotzear zegoen batasun politiko horrek izaera federalista zuen, aniztasuna lokarritzat zuen apustu ausarta, zeinak guda ankerrak eragindako zauriak sendatu, eta giza, sozial zein ekonomia mailan basamortua zirudien egoerari aurre egingo zion. Europar Batasunaren oinarriak saminean eta gogortasunean ernaldu dira, baina bere erresilientzia grin amankomuna ere azpimarragarria da.

2020ko maiatza honek oparotasun sozialerako eta itxaropen kolektiborako haizea ekarri behar du. Asko dira Europar Batasuneko Itunak sakonki aldatu nahi ditugun herriak eta jendeak, argi bai baitugu Europak duen kultura, hizkuntza, geografia eta pentsaera aniztasuna, eta bere sormen eta berrikuntza gaitasuna direla makina zahar hau berriztu, berzuzendu eta martxan jarriko dutena. Europazale porrokatuak garenok argi dugu Covid-19ak Europa osoan eragindako krisia erabili behar dugula herrietan eta justizia sozialean eta erantzukizun konpartituan oinarrituko den Europar Batasun berria ernalarazteko.

Orain arte ezagutu dugun EBa zurrunegia zen, estatuek kontrolatuegia, bakoitzaren zilborra “first” jartzen zutenek zekenduta batetik, eta ezintasunaren apatian zerraldo erortzen zirenek geldiarazia bestetik.

Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamendutik ateratzean, bai norbanako zein kolektibo gisa, lotura zaharrak hautsi behar ditugu, iraganeko inertziak apurtu eta jada barneratuegiak genituen tik ezkorrak deuseztatu energia berri eta askatzaileak sortzeko, gauzak alda ditzagun, gertutik hasita.

50. hamarkadako Europa goitik behera eraikia izan zen. XXI mendeko Europa, behetik gora berreraiki behar dugu, eta horretan gabiltza. Europa guztian zehar, birus ñimiño bezain hilgarri honek bizitza eta gizartea ulertzeko era aldatu baino lehen, herritar mugimendu aktibo, ekintzaile eta eraikitzaileak batu dira, elkartasunez eta zentzu kolektiboa aldarrikatuz, erabakimena euren eskuetan hartuz. Ursula Von der Leyen Europa Batzordeko zuzendari berriak Europaren etorkizunaren inguruko galdeketa zabala egin nahi du –hori proposatu du behintzat-, baina gaude galdeketa horren lema Europako Parlamentuak hartu behar duela, herritarron ahots eta borondatea adieraziz, Batasunaren Itunak berriztuko dituen biltzar konstituziogile gisa.

Krisi honek agerian utzi ditu askok ezkutuan nahi zuten hura; politika neoliberalak ezartzen joan diren heinean, sektore publikoko inbertsioek behera egin dute, ezberdintasun sozial eta ekonomikoak areagotuz. Bide zaharrek ez dute helmuga berririk agertuko, hori aspaldi dakigu. Orain dugu aukera gure gizartea guztiz eraldatzeko, eta justizia sozialean oinarritutako susperraldiari ekiteko. Horretarako, lau oinarri nahi eta nahi ezko behar dira: 1, Trantsizio energetikoa. 2, autodeterminazioa. 3, feminismoa eta 4, oinarrizko eskubideen errespetua.

Aldaketa klimatikoak jada sortu dituen eta oraindik sortzeke dituen ondorio latzak, koronabirusarenak baino askoz latz eta hilgarriagoak dira. Ezin ahantz gaitezke, gainera, pandemia denok sufritzen dugula, baina ez gaitu guztioi berdin kolpatzen. Hortik, elkartasunaren eta ikuspegi globalaren beharrizana. Ekoizpen eta kontsumo modeloaren goitik beherako aldaketarik gabe, norbanako eta talde gisa ditugun ohituren barrukoz kanporako aldaketarik gabe, gure planetaren iraungitze data ezartzen gabiltza.

Bigarren egiaztapena da aldaketak, pertsonek bizi dituzten inguruetan gertarazten direla. Pertsonen erabakitze-eskubidea eta Herrien auto-determinazio eskubidea ongizate soziala kudeatzeko modurik eraginkorrena dira. Europar Batasunak bere baitan duen lurralde zein kultura aniztasuna aitortuko duen mekanismoa sortu behar du; bere errealitatearekin, bere herrien aldarriekin, eta bere geopolitika aldakorrarekin bat datorren “geografia aldagarri” moduko mekanismoa, hain zuzen, borondate politikoak eta herri mugimenduek akuilatuko dutena.

Hirugarrena, feminismoa da. Zaintza erdigunean jarriko duen politikak egitea, emakume eta gizonek erabakimen bera izatea, erabakitzeko esparru guztietan. Betaurreko moreak erabiliz, pertsona, gizarte eta Herrien ongizaterako bidea azkarrago aurkitzen da. Bada garaia feminismoa bera periferiatik zentrora eraman dezagun.

Eta laugarrena, oinarrizko eskubide guztien errespetua, noski. Hauek errespetatu gabe ezerk ez duelako funtzionatzen. Oinarrizko eskubiderik gabe demokraziarik ez dagoelako, eta demokraziarik gabe, aurrerapen jasangarririk ezinezkoa delako.

Europar Batasuna izan daiteke, nahiko balu- horretara bultzatuko bagenu-, politika guzti hauek ezartzen aitzindari, lurralde guztietan bide-urratzaile. Guztion eskutan baitago oraina hobetzea geroa egon dadin. Egin dezagun gaurtik aurrerakoa Europa gogoangarri bat.

Lorena Lopez de Lacalle
Eusko Alkartasunako nazioarteko idazkaria
Aliantza Libre Europarreko presidentea