Garaikoetxea Lehendakariaren heriotzak uzten duen hutsune humanoa eta politikoa izugarria da Eusko Alkartasunarentzat bereziki, eta Euskal Herriarentzat oro har. Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria diktaduraren ondoren. Gernikako Estatutua eta, beraz, ezagutzen dugun EAEko erakunde-eraketaren aita. Euskararen defendatzaile sutsua. Baina, batez ere, herri honek bizi izan dituen erronka erraldoien aurrean beti tinko azaldu den abertzale petoa eta estatu-politikaria. Ezin izango genuke ulertu garena haren ondare politikorik gabe. Euskal Herriarekiko izan duen konpromisoa eta ardura beti izango da eredu eta erreferente Eusko Alkartasunarentzat. Carlos Garaikoetxea Urriza betiereko figura da dagoeneko gure historian.
“Eusko Alkartasunako idazkari nagusi bezala, alderdiko kide guztien izenean, gure doluminak adierazi Lehendakariaren familiari eta hurbilekoei. Bere heriotzaren aurrean eta alderdi honentzat suposatzen duen galera izugarriaren aurrean, Eusko Alkartasunari eta Euskal Herriari eman dion guztiagatik gure esker on pertsonal eta politikoa baino ezin diogu erakutsi une latz hauetan. Ekarpen historikoa berarena, inork ukatu ezin duena, eta hein handi batean garena izatea eragin diguna. Lehendakaria estatu-politikaria izan da. Nazioa, herria, eta herritarren beharrak beste edozein interesen aurretik eta edozein esanahi politikoren gainetik beti lehenetsi duen herri gizona”, adierazi du Eba Blanco de Angulo idazkari nagusiak.






