Gizartea aldatu da, pertsonak aldatu gara eta politikan parte hartzeko modua aldatu da. Adostasun ia osoa dago gai honen inguruan, baina berritasunarengatik edo, ideia horri erantzun garatua ematea eta praktikotasunera eramatea zail egiten da.

M15 mugimenduak ez zuen Euskal Herrian Estatuan izandako garapen berdina izan, baina azken buruan politikan parte hartzeko modua zehazteko inflexio puntua izan da. Egungo gizartea ez da 2000koa eta are gutxiago 1986koa, Eusko Alkartasuna jaio zen urtekoa. Pertsonek alderdi politikoetan eta sindikatuetan duten inplikazioa txikiagoa da. Hala ere, alderdi politikoak gutxi aldatu dira.

Kuriosoa da baina gaur egun militanteen parte hartzerik gabeko alderdi politikoa posible ez dela esaten duten berdinek ere ez dakite erantzuten parte hartze horrek ideien eta pertsonen eztabaida logiko eta osasungarria sortzen duenean.

PSOEren kasua dugu gertu eta egia da krisi sakona bizi izan duela. Hala ere, paradoxikoa da primarien beharra defendatu dutenak zeharo asaldatzea idazkari nagusiaren hautaketa eztabaida publikora pasatzen direlako. XXI. mendean bestela egiteko modurik al dago?

Esparru guztietan pedagogia falta dela ematen du: alderdi politikoak, militantzia, komunikabideak, gizartea orokorrean. Eztabaidatzearen beharra azpimarratzen da, parte hartzea zabaltzea, erabakiak ahalik eta jende gehienarekin batera hartzea ezinbestekoa dela esaten da baina dramatizatzerik gabe eta oso muturreko jarrerak hartu gabe egiten ez da asmatzen. Biltzar Nagusiaren inguruan eztabaida sakona edo tarte gutxiko emaitza badago, hausturaren arriskua dago; adostasuna edo oso gehiengo zabala badago, “bulgariar erara” izan dela esaten da; talde edo pertsona ezberdinak badaude, pertsonalismoei buruz hitz egiten dugu, eta zaila da ideien eztabaida egitea arrunkerietan edo deskalifikazioetan jauzi gabe.

Ondorioz, garai berrietara egokitzeko beharrezkoak ikusten eta aukera bezala iragartzen diren prozesu horiek oztopatu egiten dira eta onurak baino arazoak sortzen zaizkie alderdiei beren garapenean. Normala den moduan, horiek garatzeko interesa jaitsi egiten da.

Erabaki bat hartu behar denean eztabaida sortzea ona izateaz gain, beharrezkoa ere bada eta erakunde baten kalitate demokratikoaren adierazgarri. Baina, are gehiago, eztabaidarik ez badago edo ez dago demokraziarik edo militantzia desaktibatuta dago, eta eztabaidak komunikabideetan islarik ez badu, proiektuak ez duelako interesik da. Aukera dena, aukera izan dadila lagundu dezagun.