Elkarrizketa Mikel Irujorekin, EAko ordezkaria Herrien Europaren Aldeko koalizioan Heldu den igandean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan erreferendumean bozkatuko den Ituna estatuek herritarrei bizkarra emanez egindako ituna dela salatu du Mikel Irujo EAko ordezkariak.

Lana eta erreferendumean ezezko botoa eskatzeko kanpaina ezin uztarturik dabil Mikel Irujo EAko kidea. Hitzaldiak nonahi, abstentzioa handia izan daitekeela oharturik, herritarrei bozkatzera joateko eskatu die.

Europako Itunari ezetz bozkatzeko eskatu du EAk. Zergatik?

Bi arrazoitan oinarrituta eskatzen dugu ezezkoa. Batetik, hainbestetan aipatu den Europa soziala ez duelako bermatzen eta, bigarrenik, Europako Batasunaren (EB) erakundeen egituraketa berdin-berdin mantentzen duelako. Euskal Herriak herri gisa ez du inolako egitekorik.

Eskubide sozialak ez direla bermatzen diozu.

Itunean 80 aldiz baino gehiagotan aipatzen da merkatu hitza. Ekonomia soziala eta erabateko enplegua hitzak berriz, bizpahiru aldiz ageri dira. Nahiko garbi uzten du zer-nolako ereduan mugitzen ari garen. Gainera, gizarte politikak martxan jartzeko aho batez onartu behar dira. Herrialde guztiak ados egotearen baldintzak aurrerapausoak ez ematea esan nahi du. Estatuek ez dute nahi Europa soziala. Multinazional batek Alemaniatik Poloniara joan nahi badu, ez dago inolako eragozpenik, baina mugitzen direnak langileak badira ez dute gutxieneko babesa izango.

Konstituzio Ituna egin zenean Europako Batasuneko herrialdeetako agintari sozialista eta sozialdemokrata askok ez zuten neurririk hartu nahi izan hori horrela izateko.

Estatu guztiak orekatzea ez da erraza. Estatu batzuetan babes soziala handia da eta ez dute Europaren eraginez babes hori murriztua ikusi nahi. Beste batzuetan babesa ez da existitzen, eta ez dute aipatu ere egin nahi. Ez dute Europa sozialaren alde egin nahi. Eredu hori ez dute euren estatuetan eztabaidatzen, eta ez dute EBrako nahi. Gauza bat da etxean zer egiten duzun eta gero zer nahi duzun EBrako. Ez dute europar bezala jokatu. Inposatu dena eredu liberala izan da. Multinazionalen Europa dela esaten da eta horrela da.

Itunak proposatzen duen erakunde ereduarekin Euskal Herriak ez duela tokirik ere azpimarratu duzu. Beraz, lehen bezala gelditzen da Euskal Herria?

Gauzak aldatzen ez direlako eskatzen dugu ezetza eta ez gauzak aldatzen direlako. Ez guk, ez Flandesek, ez Eskoziak ez beste herri askok ez daukagu pertsonalitaterik Itunean. Horrek esan nahi du ez daukagula presentziarik eta euskal herritar bezala ez dugula eskubiderik. Herri gisa ez dugu inolako paperik. Ez gara existitzen, ez da autodeterminazioa aipatzen, baina ez da ukatzen ere. Egun daukagun errealitate politikoarekin ez gara existitzen. Horrek esan nahi du EBn presentzia izateko estatuen menpe gaudela. Euskara ofiziala izateko estatuen menpe gaude, ordezkaritza zuzena izateko estatuen menpe gaude, Europako Auzitegiaren aurrean Nafarroaren interesak defendatzeko estatuen bidez egin behar da. Estatua joanen da eta gero ikusiko da.

Orduan, estaturik gabeko herriek zer egin dezakete entzunak izan daitezen?

Lehenik Itunari ezetz bozkatzea eta presioa egitea. Juridikoki gauza gutxi egin ditzakegu. Gure borroka estatuetan dagoela argi uzten du Itun honek. Gure borroka ez dago EBn, eraiki nahi den Europa estatuena delako. Gure hitza entzunarazteko borroka Espainiako eta Frantziako estatuetan egin beharko dugu. Zoritxarrez gauzak berdin uzten ditu. Argi uzten du independentzia dela bide bakarra, Europan zerbait izan nahi badugu estatu izan behar dugu.

«Herritarren eta estatuen batasuna» definizioak aurretik zegoen «herritarren eta herrien batasuna» definizioa ordezkatu du. Zergatik egin da aldaketa hori?

Unionisten kontzeptua bermatzen delako da. Herritarren Europa dela esaten da, baina ez da egia. Ituna nola egin den gogoratu behar da. Lehenik konbentzioa egin zen eta espirituan ona izan zen arren, mugak estatuek ezarri eta onartu zituzten. Daukagun testua da estatuek onartutakoa. Herritarrok ez dugu zeresanik izan. Horregatik ez da itun bat, prozesu konstituziogilerik egon ez delako. Non gaude herritarrak hemen? Ez gaude. Estatuen Europa da eta eurek nahi dutena egiten ari dira. Gauza asko ez dira aipatzen eta suposatzen da estatuen menpe geldituko direla. Espainiako bi alderdi nagusiek esaten digute oso europazaleak direla, Europa indartsua behar dela eta Batasunean beste aurrerapausoa dela, baina interesatzen ez zaizkien gaiak ez dituzte aipatu ere egin.

Adibidez?

Etorkinen arazoa. Ez da estatu bakarrarena EB osoarena baizik, baina ez zaie interesatzen Batasun osoan neurri berak hartzea. Argi dago merkatuaren Europa dela EB, eta merkatu horri eragozpenak jarri ahal dizkion politikak ez du tokirik.

Zer falta zaio Itunari zuen baietza jasotzeko?

Batetik, Kontseilua desagertzea. Batasunak federazio bat izan behar luke eta herritarrek aukeratzen duten Parlamentu eta Senatu bat izan beharko lituzke. Bestetik, Euskal Herria herri gisa onartu beharko luke eta gure eskubideak aitortu beharko lituzke. Egun ez gara existitzen. Itunaren giza eskubideen atalean kultur eta kultura aniztasuna errespetatzen dela benetan esaten bada, hizkuntzen ofizialtasunak ez luke estatuen menpe egon behar. Europaren eraikuntzan estatuak dira eragozpen handiena eta itunak estatuen nagusitasuna sendotu besterik ez du egiten.

Orduan zertarako balio du Konstituzio Itunak?

Batzuk gutxinaka aurreratu behar dela esaten dute, eta egia da. Itunak hainbat aurrerapauso ekartzen ditu. Europako Parlamentuari erabakietan zeresan handiagoa ematen zaio, giza eskubideen ituna onartu da… Baina guk aurrerapauso handiagoak eskatzen ditugu. Larriena da aurreko sistema bera mantentzen dela, estatuen Europa, alegia. Baina ahaztu egiten zaigu gero eta estatu gehiago daudela eta erabakiak aldatzeko guztien adostasuna eskatzen dela. Hasieran sei estatu ziren, baina orain 25 dira eta laster 27. Munstro bat bilakatzen ari da eta EB bultzatu zutenen espirituaren aurka doa. Jean Monetek esan zuen Europako Batasuna ez zela estatuak batzeko herritarrak batzeko baizik. Itun honek ez du hori egiten.

Igandean eginen den erreferendumean %40tik gorako parte-hartzea ona izanen dela esan dute baietzaren alde dauden PSOE eta PPko ordezkariek. Abstentzioa izanen da igandeko galdeketan garaile?

Bi urte zituen Espainiako Gobernuak erreferendumaren data jartzeko. Egin dituen inkestek esan diote espainiarren %90ek ez dakitela zer den Ituna. Logikoena gehiago itxarotea eta testua ongi azaltzea litzateke, baina ez dute hori egin nahi izan.

Zergatik?

Espainian Europari bai esatea da korrontea, EBk dirua suposatzen du beraientzat. Sinplifikazio horrekin ikusten dute. Espainiako bi alderdi nagusiek baikortasun sentimendua aprobetxatu nahi dute, Ituna zertan oinarritzen den azaldu, botoa eman eta kito. Hori da kanpaina.

irene arrizurieta – berria.info
Jatorria: Mikel Irujo