Pertsonaz pertsona, herriz herri, nazioz nazio, gizarte berriak eraikitzen ari gara.
Eusko Alkartasunatik nahi dugu edozein kolore, erlijio edota jatorriko jendea gure Herriko historiaren parte senti dadila, bere orainaren protagonista, eta batez ere, Euskal Herriaren etorkizunaren eraikitzaile senti dadila. Zehazki, eraikitze bidean dagoen Euskal Herria hori hurrengo maiatzaren 26an berrestea behar dugu.
Krisi politiko sakon bati aurre egiten gabiltza, politika eraikitzeko baino, eraisteko arma gisa erabiltzen den uneari aurre egiten. Politika, baina, Euskal Herria, Europa, eta batez ere demokrazia mugimenduan jarriko dituen indar bilakatu behar dugu guztion artean. Erantzun asko eta anitzak, jende ezberdina, pentsatzeko eta ekiteko modu anitzak eta begirada zabalen elkarlanetik soilik aterako direnak, betiere helburu zehatz batekin; justizia sozialean oinarritutako gizarte librea eraikitzea.
Euskal gizartea denbora luzea darama demokraziaren bidetik aurrera. Orain urtebete ETA guztiz desagertu zen. Eta hala ere, kale itsua eskaintzen digute, edo txarragoa izan daitekeena, 155eko xidor beldurgarria. Jada ez baitago borroka armaturik, baina ez eta ere burujabe izan nahi dugun nazioentzako irtenbiderik. Eta honek asko zailtzen du elkarbizitzan eta bakegintzan soluzio iraunkorrak eman ahal izatea. Gure egonezina ez datza egungo euskal gizartean – argi dugu borroka armatua behin betiko bukatu dela-, baizik eta hurrengo belaunaldietan, gure gazterian, jada hemen daudenetan eta etorriko direnetan. Zer nolako politikagintza eskaintzen diegu?

Kartzelaratze, mehatxu, tortura, hilketa larregi jasan ditugu –albo batetik zein bestetik-, eta horregatik ez dugu ez gaurko ez biharko jendeak bide horrek nonbaitera garamatzala pentsatzerik. Beraz, ikuspegi politikoa zabaldu behar dugu.
Horregatik, Eusko Alkartasunatik zabaltzen eta ezberdinen arteko elkartasunean oinarritzen den independentismoa aldarrikatzen dugu. Eta askatasunaren bidea jorratzen, abertzale ere ez diren horien ausardia politikoa eskertzen dugu – Etchegaray Lehendakaria kasu-. Honek sekulako balioa dauka, eta zaindu eta landu behar dugun aliantza ederra; bain Euskal Herrian zein Europa osoan. Zein ekarpen egin dezakegu estatu gabeko naziook eraikitzen dagoen Europar proiektu honi? Bakoitza bere ideologiarekin, guztiok sentitzen gara guztiz europar, eta era berean egungo modelo europarraren antipodetan sentitzen gara.
Zentzu honetan, Aita Mari edo Aquarius bezalako ontziak ikur bilakatu dira. Historian lehen aldiz abertzalea den Korsikako gobernu berriak jitoan sufritzen zebiltzan emakume eta gizonak hartzeko erabakia azaldu zuen. Batzuentzako gizalegezko asmo naturala izan zitekeena, aparteko erabaki bilakatu zen europar mailan. Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuaren hitzak dira hauek: “Gure betebeharra zena besterik ez genuen egin. Baina, zer nolako Frantzian, zer nolako Europan gaude? Zein mundutan bizia gara, gu gauden tokitik kilometro gutxitara hiltzen dauden emakume eta gizonak laguntzea ezohikotzat hartzeko? Itsas zuzenbidea edo migratzaileen eskubideen inguruan etengabe teorizatu behar al dugu, eskubide zibilak, eskubide konstituzionalak, Dublineko akordioa behin eta berriz aztertu behar al dugu, azkenean jendea hiltzen uztea erabakitzeko, ala? Ireki ditzagun gure ateak, gure lurraldeak; eman diezaiegun ongietorria. Eta gero, guztion artean, pentsa dezagun zer egin dezakegun”. Pentsamendu kolektibo hau, zenbat eta gertukoagoa eta lokalagoa izan, jende gehiagok eraiki eta partekatuko du.
Mezu hau argi daukagu Euskal Herriko alderdi independentistok, korsikar abertzaleek, kataluniarrek, galesdarrek, veneziarrek… gizartea eta burujabetza ulertzeko gure modua baita. Baina orain galdera: nola sinkronizatu guztiz berdinak ez diren prozesu hauek? Aliantza Libre Europarraren baitan – erregionalismotik eta independentziarako aldarriak batzen dituen Europako 46 alderdiren aliantza politikoa- lortu dugu politikaren birsortzea garatzea.
Gauza handiak egin ditzazkegu. Badugu pisu politikoa. Orain sinestea eta elkarrekin ekitea dagokigu. Herri txikiak gara, historiak arrazoi ezberdinengatik, periferian mantendu gaituena. Egun, herriok gure kultura, hizkuntza, historia, nortasuna eta egiteko era berreskuratzen gabiltza, era moderno eta zabalean, munduak jasan dituen aldaketak aintzat hartuz, eta gizarte zoriontsuak eraiki nahi ditugula ozen azalduz. Izan ere, justuki honetan datza politikak; alderdikeria edo norbanako interesen gaindi, jendartearen eta naturaren arteko elkarbizitza zoriontsua lortzeko asmoan. Oreka hori aurkituz gero, emakume eta gizon askok proiektu konpartitu honetan parte hartuko dutena ziur gaude, herri hobeak, Euskal Herri hobea eta Europa hobea eraikiz.
Eraikitze prozesu guzti hau egunerokotasunetik hasten da. Euskararen aldeko aldarrikapenak, fiskalitate progresiboaren aldekoak, ingurumenaren aldekoak edota autogobernuaren aldekoak gai zentralak dira noski. Baina horrek guztiak zentzua hartzen du euskaraz hitz egiten badugu, zerbitzu publikoetan inbertitu eta hauek erabiltzen baditugu, birziklatzen baldin badugu edota gure erakundeetan parte hartze aktiboa badugu.
Gutako bakoitzak sinetsi behar dugu aurrean ditugun erronkei erantzuna emateko gai garela. Inork baino hobeto ezagutzen dugu bakoitzak egunerokotasunaren arazoak, eta beraz, nor hobe arazo hauek konpontzeko! Uztartu ditzagun egunerokotasuna eta politika orokorra, eta sinestu dezagun estatugintza herrigintzatik hasten dela, eta herrigintza norberak egunerokotasunean hartzen dituen erabakietatik. Denbora luzea daramagu nork bere etxean hau egiten; orain herrietatik Euskal Herri osora, eta Euskal Herritik Europara eraman dezagun gizarte hobeak eraikitzeko modua.

Iria Epalza Markoartu
Eusko Alkartasunako Komunikazio Idazkaria