Hiru indar abertzaleek EAren eta ezker abertzalearen arteko akordioa eta Aralarren proposamenak aztertu dituzte eta elkarrizketa iraunkorrerako bideak irekita mantentzea hitzartu dute.

Eusko Alkartasunako eta Ezker Abertzaleko ordezkaritza bat Aralarreko zenbait ordezkarirekin bildu da gaur goizean Iruñean, lehenengoek sinatutako “Indar politiko independentisten arteko akordio estrategikoaren oinarriak” aztertzeko, bai eta Aralarrek egindako proposamenak ere.

Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak Aralarri akordio horrekin bat egitera formalki gonbidatu ondoren egin da bilera, akordioa sinatu zenetik berretsi baita itun hori independentziaren aldeko esparru aurrerakoia egituratzeko prest dauden indar subiranista guztiei irekita dagoela, bide demokratikoei, zibilei eta baketsuei jarraituz Euskal Herriak behar duen aldaketa politikorako norabidean modu egokian eragiteko helburuz.

Bilera elkarrekiko errespetuzko giroan garatu da eta bertan bildutako hiru indar abertzaleek positibotzat jo dute. Halaber, elkarrizketa iraunkorrerako bideak irekita mantentzea erabaki dute.

Jatorria: Eusko Alkartasuna