Eusko Alkartasunak Auzitegi Gorenak Nafarroari trafikoko eskumenak eskualdatzea baliogabetu duen epaia arbuiatu du. Alderdi independentistaren arabera, “Nafarroako autogobernuaren aurkako eraso onartezina da”, eta trafikoaren eskumena “Nafarroaren eskubide historikoa” dela aldarrikatu du.

Nerea Gartziak, Nafarroako Eusko Alkartasunaren lurralde koordinatzaileak, salatu duenez, “onartezina da Guardia Zibilaren elkarte bati arrazoia ematea, Konstituzioaren 150. artikulua foru lurraldeen eskubide historikoak aitortzen dituen Lehen Xedapen Gehigarriaren aurretik jarriz”.

“Nafar gehienok etorkizunera begiratu nahi dugun bitartean, epaiak iraganera garamatza. NFEBHLOren garapenean aurrera egin beharrean, Nafarroako autogobernuan atzerapausoa da epai hau”, adierazi du Gartziak.

Lege organiko baten bidez trafikoaren eskumena berreskuratzeko aukerari dagokionez, Auzitegi Gorenaren epaiak iradokitzen duen bezala, Nafarroako EAko koordinatzaileak esan du “orain, Kongresuan gehiengo aurrerakoiarekin posible izango litzateke, baina ezin dugu beste ganbera baten osaeraren eta aritmetika parlamentarioaren mende egon, eta, beraz, trafikoaren eskumena eskubide historikotzat aitortzea aldarrikatzen dugu”.

Azkenik, Gartziak nabarmendu duenez, “gure Foruzaingoak gaitasun osoa du eskumena gauzatzeko, eta ez du Guardia Zibilaren tutoretzapean egon beharrik”. Ildo horretan, Eusko Alkartasunak Nafarroan trafikoaren eskumena berreskuratzeko ekimen eta kudeaketa instituzional guztiak babesten dituela adierazi du.