ETAk bere jarduna utzi zueneko 10. urteurrenaren testuinguruan, elkarrizketa eta negoziazioa defendatu ditu Eusko Alkartasunak euskal gizartearen eta Euskal Herriaren etorkizuna eraikitzeko. Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek gaurko adierazpenean egin bezala azken hamar urteotan bake bidean ibili arren, gatazkaren ondorioak oraindik konpontzeke daude. Gatazka politikoari erantzun demokratikoa eman behar zaiola azpimarratu du alderdi sozialdemokratak.

ETAk urte luzez euskal jendartearen nahiari entzungor egin bazion ere, gizarte zibilaren lan eta parte hartze aktiboari esker utzi zituen ETAk armak, eta gerora desegin. Era berean, ETAren amaiera guztion ekarpenari esker lortu zen bezala, etorkizuneko bake eta normalkuntza eszenatokia eraikitzea ere indar politiko eta erakunde guztien erantzukizuna dela adierazi du EAk.

Aieteko Adierazpenetik eta ETAren erabakitik hamar urte igaro ondoren, zalantzarik gabe Euskal Herrian konpontzeke geratzen diren gatazkaren ondorioen artean, indarkeria guztien biktima guztientzako memoria eta erreparazioa lortzea lehentasunezkoa da, beti ere “kalte berdinaren aurrean, erreparazio berdina” oinarritik lan eginda.

Bakea sendotzea eta bizikidetza berria eraikitzea dira orain lehentasun politiko eta instituzional nagusienetakoa, erabateko indarkeria-eza eta biktimen erreparazioa lortu arte, enpatia osoz arituta. “Bakegile aktiboak behar ditugu orain ezsenatoki berria eraikitzeko. Inor ez dago soberan, eta denak – presoen kolektiboak eta hauen familiak, biktimak, gizarte zibila, erakundeak, alderdi politikoak… Guztiok inplikatu behar gara Herri gisa dugun erronka nagusi honetan, inoiz elkarbizitzan eta bakean bizi nahi baldin badugu”.

Eusko Alkartasunak dei egiten die Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, Espainia eta Frantziako exekutiboei, ETA erabat desagertu ondoren Euskal Herriko bake eta normalizazio prozesuarekin bat egin dezaten, Etchegaray lehendakariak egin duen bezala. Era berean, euskal gizarteak bakean eta askatasunean bizitzeko duen borondatea onar dezaten deia ere egin du alderdiak.