Eusko Alkartasunak Kataluniako Herriari zorionik beroena opa nahi dio Errepublika aske eta subiraua, demokratiko eta soziala aldarrikatzeagatik.

Kataluniako herriak hauteskundeetan erabaki zuen erakundeak errepublika bidean jartzea, eta hori da hautetsiek gaur egin dutena, herriaren hitza eta gogoa errespetatzea eta gauzatzea, hain zuzen.

Eusko Alkartasunak azpimarratu nahi du halaber Kataluniako Gobernuak izan duen jarrera irmoa, inposaketa eta mehatxuen aurrean, hauteskunde kanpainak galarazien aurrean, hedabideen itxieren aurrean, indarkeria polizialaren aurrean… herritarren ahotsari erantzuna emateko.

Subirautza herriarena da jada. Beraien eskubideak aldarrikatu dituzte, defendatu eta gauzatu. Eta eskubideen erabilera honek ekarri die Askatasuna. Ezinezkoa zena erreal bilakatu dute, eta zailtasun guztien gainetik Errepublika aske bat aldarrikatzea lortu dute herriaren babesarekin-

Adibide argia eman diote mundu guztiari. Autodeterminazio eskubidea jada ez da utopia bat, autodeterminazio eskubidea errealitate bilakatu dute, posible dela erakutsi dute lau haizetara.
Erabaki dute aske izatea, eta orain, beste herri guztiei dagokie duintasun eta errespetutik Europako Errepublika berria aitortzea.

Zentzu horretan, Espainiako gobernuari eskatzen diogu errespeta dezala Kataluniako erakundeen erabakia, eta errepublika berriaren antolaketarako negoziaketetan jarrera eraikitzailea eta heldua izan dezala.