Eusko Alkartasunak bat egiten du Kulturgintzan ekimenak sustatutako greba digitalarekin. Dagoeneko 1.000 kultur eragile baino gehiago batu dira gaur eta bihar bitartean izango den greba honetara.

Eusko Alkartasunak babes osoa adierazi nahi dio kulturgintzari, “Covid-19 koronabirusak sortutako krisia bereziki pairatzen ari delako”. Egoera honek, besteak beste, “aurreikusitako kultur programazioak bertan behera uztea eta sektoreko profesionalen lan-baldintzak okertzea ekarri du”. “Hori dela eta, premiazkoa da erakunde publikoek egoera honen aurrean erantzuna, konpromisoa eta neurri zehatzak hartzea”.

Gainera, Eusko Alkartasunak “kulturak izaera nazionalean duen garrantzia” azpimarratu nahi du. “Berezko ondare kulturalaren gidaria da, herriaren ikuspuntutik. Kulturarik gabe ez dago herririk. Gure tradizioen osasuna dago jokoan, baita gure etorkizun kulturalarena ere”.

“Krisi larria izan arren, kulturako profesionalek konpromisoa eta elkartasuna erakutsi dute beste behin. Horrela, plataforma ezberdinen bitartez eta modu irekian, kultur eskaintza zabala eskaini diote aste hauetan gure gizarteari”.

“Krisi garaian inoiz baino garrantzitsuagoa da kulturari merezi duen balioa ematea, eta horretarako erakundeen konpromiso sendoa behar da. Horregatik, bi egun hauetan zehar egingo den aldarrikapena ezinbestekoa da, eta noski, Eusko Alkartasunaren babesa du”.