Eusko Alkartasunak ez dio baliorik aitortzen espainiar erregeak Kataluniaren auziaren harira egin dituen adierazpenekin, eta honako ohartarazpenak egiten ditu:

- Felipe Borboikoarena ez da Estatuburu baten diskurtsoa izan, hau Gobernuburu baten diskurtsoa izan da.

- Erabat kontraesankorra da demokraziaren antagonikoa den instituzio batek hain zitalki mespretxatzea herritar askeek hautatutako erakunde publikoak.

- Espainiako erregeak erakutsi du 39 urtez salatzen gabiltzana: estatuburu honen hezkuntza eta pentsaera militarra oso urruti dagoela katalanek oinarritzat duten bake kulturatik, arazo politiko bati eman nahi dion irtenbidea indar armatuen interbentzioan datzala, ez dela figura inpartziala, eta Franco diktadoreak bere aitari eman zion mandatua defendatzen jarraitzen duela: Espainiaren batasuna oroz gaindi.

- Espainiako erregeak bertako Gobernuaren eta Kataluniako Gobernuaren artean eman zitezkeen negoziaketa aukera txikiena ere zartatu du, bigarrena zilegitasuna erabat kenduz, eta lehenak espainiar konstituzioaren 155. artikulua ezar dezala erraztuz.

- Espainiako erregeak Kataluniako herritarren askatasun politikoa arbuiatzen du, nahiz eta hauek, bortizkeria polizial eta judizialen gainetik, autodeterminatzeko grina azaldu duten argi eta garbi.

- Kataluniako herritarrei, eta baita Euskal Herritarroi gure etorkizuna libreki eta hertsapenik gabe erabakitzeko dagokigun eskubidea aldarrikatzen jarraitzen dugu; aldarrikapen zilegia, justua, eta erantzuna merezi duena.

- Kataluniako herriak erakutsi duen kemena, konpromiso politikoa eta duintasuna nabarmendu nahi dugu beste behin, Giza Eskubideen defentsan irmoki aritu dena, estatuaren indarkeria gaindituz.

- Euskal Herriko zein Espainiako indar demokratei elkarlanerako deia luzatu nahi diegu, demokrazia, balio errepublikarrak, bide baketsuak eta gizabanakoaren zein eskubide kolektiboak defentsan aritzeko.