Aliantza Libre Europarrak ostegunetik eta larunbatera arte Biltzar Nagusia ospatzen du Bruselan, eta beste hainbat gairen artean, buruzagitza berria hautatu eta europar hauteskundetarako kanpaina aurkeztuko du. Europako alderdi independentista eta subiranistak biltzen dituen Aliantzak eztabaida politikoak ere izango ditu, eta hauen artean Eusko Alkartasunak aurkeztutako bat Altsasuko auziaren ingurukoa. Berau, ostiral eguerdian eztabaidatu eta bozkatuko da. Onartua izanez gero, Europar Batasuneko erakunde guztiek izango lukete beronen berri.

Eusko Alkartasuna zabalki ordezkatua egongo da Biltzarrean; Pello Urizar Idazkari Nagusia eta Lorena Lopez de Lacalle Nazioarteko idazkari eta egun, ALEko idazkari nagusia bertaratuko dira. Iria Epalzak alderdien fundazioen bileran parte hartuko du, eta aukeratu berri den Gazte Abertzaleakeko idazkari nagusi Andoni Iriondo ALEko gazte erakundeen bileran parte hartuko du, Adrian Fuentes kidearekin batera.

Altsasuko gurasoak ere birtualki presente izango dira Biltzarrean. Ostiralean, Pello Urizarrek Altsasuko auziaren inguruko mozioa aurkezteaz gain, Altsasuko gurasoek helarazi duten mezua ikusi ahal izango da bideo baten bidez. Mozioak argi eskatzen du gazteak libre uztea, eta halaber, Europar Batasunari eskatzen dio EBko ituneko 7. artikulua indarrean jartzea espainiar estatuaren aurka, sortze-balioak behin eta berriz urratzeagatik, Polonia eta Hungariarekin egin izan duten bezala.

Europar hauteskundeak

ALEko biltzarra maiatzeko europar hauteskundeak markatua dator, eta ALEko kanpaina plazaratzeaz gaindi, Aliantza osatzen duten alderdien kanpainak ere aurkeztuko dira, Orain Errepublikak kasu. Izan ere, Eusko Alkartasunarekin batera, Esquerra eta Bloque Nacionalista Galego ere ALEko kide baitira. Oriol Junquerasek –hautagaitzako zerrendaburua eta egunotan epaitua izaten ari dena- protagonismoa hartuko du aurkezpenean; Europar Batzordeko presidente izateko izendatua izango baita SpitzenKandidat deituriko figurarekin.

Lorena López de Lacallek azaldu du ultraeskuinaren aurkako borroka eta hauteskundeen prestaketa izango direla bilerako ardatz nagusiak. Building a Europe FOR ALL peoples, Construyendo la Europa PARA TODAS las personas, Pertsona GUZTIENTZAKO Europa eraikitzen, izango da lelo amankomuna.