Uztailaren 16an epaitegitik euskararen aurkako bi albiste ezin txarragoen berri izan genuen. Alde batetik, VOX alderdiak jarritako helegite bati esker, epaileek ebatzi dute EAEko udalek ezin dutela euskarari eman nahiko zioten lehentasuna. “Albiste honen larritasuna bikoitza da, izan ere, euskararen aurkako izateaz gain, erabaki horrek erakusten baitu euskal erakundeek duten autonomia falta espainiar egitura administratiboaren barruan”, azaldu du Iban Asenjo Gardek, gure Euskara, Hezkuntza eta Kultura idazkaria. “Gure udalek ezin dute erabaki hiritarrak nola artatu, nola eman kalitatezko zerbitzu bat, horrela nahi izanez gero, euskal hizkuntzan. Euskarari buruzko trataera gure udalek erabaki beharrean, epaitegiek erabaki dute”, erantsi du.

EAtik, beste behin, dei egiten dugu zaharkituta utzi duten euskararen legea gainditzeko eta beste hizkuntza lege bat eraikitzeko, euskaldun giza ditugun eskubideak errespeta daitezen. Bestaldetik, Espainiako Gorenak bide eman dio Nafarroako PAIk dakarren eskaerari: irakasleen kidego paralelo bat sortzea ingelesaren derrigorrezko eskakizunarekin. “Hau da, Europako beste inon gertatzen ez dena Nafarroan gertatuko da, Nafarroa izango baita, irakasle-jeneralista hizkuntz atzerritar bat jakitea ezinbesteko baldintza ezartzen duen lurralde bakarra”, salatu du Asenjok. Gogora dezagun PAI programa UPNk sortu zuela helburu argi batekin: euskarazko irakaskuntzaren zabalpena moztea.

Egoera honen aurrean, EAtik bat egiten dugu larunbat honetan, hilak 19, UEMAk deitu duen udaletxeen aurreko elkarretaratzeekin, eguerdiko 12etan. Era berean, bat egiten dugu ere EHE mugimenduak “Lehentasunez euskaraz orain!” lemapean igande honetarako, hilak 20, goizeko 11tan, Baionan, Maulen eta Donapaleun deitu duen elkarretaratzeekin.

2 1