Bizitzan zehar hamaika eskari orri betetzen ditugu era eta garrantzi desberdinetakoak. Urteko garai honetan euskal herritar multzo bati (haur txikien gurasoak direnei) horretarako unea heldu zaie. Zalantzaz eta arduraz jositako garaia da. Gure haur txikiak hezkuntza sisteman sartuko dira. Etorkizuneko Euskal Herriko gizakumeak izango direnak beraien hezkuntza prozesuari hasiera emango diote. Pentsa baino erabaki arduratsuago gurasoentzat. Gaur aukeratzen dugunak seme/alaben geroan eragina izateaz gain, herri honen etorkizuna eraikiko du.
Aldarrikapenak beharrezkoak diren une orotan egin behar dira baina oraingoan kanpotik datozkigun erasoak kontuan izanik inoiz baino gehiago eta ozenago adierazi behar dugu nortzuk garen eta zer nahi dugun: euskaldunak gara eta Euskal Hezkuntza Sistema Propioa nahi dugu: publikoa eta euskalduna. Erasoak mota askotakoak eta toki askotatik datozkigu. Gure herria zatitzen muga desberdinetatik erasoak jasotzen ari gara: Frantziako gobernuaren ukazioa, Nafarroako eta Espainiako gobernuen bortizkeria eta Eusko Jaurlaritzaren konformismoa (etsipena).
Euskal Herritik at dauden erakundeek gure etorkizuna baldintzatzen ari dira. Herri bat suntsitzeko pausu nabarmenak ematen ari dira inolako lotsarik gabe. Gaurkoan hautua egitera behartuta gaude. Aldarrikapena ala defentsa? Ez bata ezta bestea, orain exijentzien garaia.
Hartzen ditugun erabaki askok gure inguruan eragiteko gaitasuna dute. Haurrak matrikulatzeko erabakiarekin adibidez, zein gizarte eredu nahi dugun adierazten ari gara. Publikoa hartzekotan, hezkuntzak berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko gaitasuna duela uste dugula esaten ari gara. D eredua aukeratzean, euskararen aldeko apustua egiten ari gara. Gure haurrei euskararen oparia egiten ari gara, beraiek inolako ahaleginik gabe bizitza osorako hartuko dutela jakinda.
Beraz, aprobetxa dezagun aukera hau gure gizartea eta hizkuntzarekiko apustua egiteko. Gure haurrak etorkizuneko kimuak izanik euskararen berme bihur ditzakegu. Ama/Aita, erabakia zure esku dago, gure hizkuntzaren etorkizuna zure esku dago, gure herriaren eraldaketa gaur eguneko haurren esku dagoenez zure esku dago. Euskararen aldeko laukitxoa markatuz bidea irekitzen ari zarete. Gure herria bizirik dirau pausoa ematen ari zarete.
Laukitxo bat baino ez da baina horren atzean herri bat dago, bizitzeko eta sentitzeko modu bat dago, munduaren aurrean agertzeko modu bat dago (Nik euskaraz hitz egiten dut, zein da zure Super-Power?). Lauki txikia baina sakona. Gure hizkuntza bezain sakona. Baina hiztunik gabe, hizkuntzarik ez. Eta euskara gabe, Euskal Herririk ez.
Pili Robles, Eusko Alkartasunako Euskara idazkaria