Eusko Alkartasunaren proiektua indartzeko batasunaren aldeko aldarria egin du Joseba Gezuragak Zumaiako Alkartasun Egunean

Zumaian ospatu du Eusko Alkartasunak Alkartasun Eguna gaur, jarduneko idazkari nagusia, Joseba Gezuragak zehaztutako erronkekin: “Datorkigun egoera ekonomiko zaila; hauteskunde orokorrak; procés-en liderren kontrako epaia, eta alderdiaren barruko egoera eta primarien prozesua”. “Euskal Herria eta bere hiritargoaren ongizatea hobetzeko hitzarmenak eta sareak bilatu ohi dituen” alderdia dela Eusko Alkartasuna azpimarratu du Gezuragak.

Balorean jarri du Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusiak alderdiaren bizitza luzea, eta bere lan guztia jendartearen onerako diren politiken alde izan dela gogoratu. “Erakundeetan izan dugun jarduerak gizartearen onerako izan diren politikak eman ditu: RGIa, gatazkaren biktima guztien aitortza, ikerketa eta garapenean inbertitu dugu, guztion Euskal Herria eraikitzeko”, esan du, helburu politikoak lortzeko elkarlanaren aldeko apustua eginda: “Elkartasuna alderdiaren barruan, elkarrekin eztabaidatu eta konponbideak guztien artean bilatuta; elkartasuna gainontzeko alderdiekin, burujabetza politikoa eta bizi baldintza duinak lortzeko; elkartasuna Euskal Herritik kanpo ere, beste nazioen jendartearentzat ere bizitza duina helburu”. Era berean, beste alderdi politiko eta sindikatuekin ere akordioak bilatzearen alde hitz egin du, erronka politiko eta sozialei erantzun emateko.

“Etxe barruan ere lan handia dugu egiteko”, aitortu du Gezuragak, EAren barruan dagoen barne eztabaidari erreferentzia eginda. Besteengan eta guregan konfiantza berreskuratu, historia eta baloreak balioan jarri eta ez ahuldadeak, “Eusko Alkartasunak eta militantziak merezi dute eta urte guzti hauetan egindako lanak irautea ere merezi duelako”. “Batasunak indarra ematen badu, batasun ezak kontrakoa dakar”, esan du, eta “demokratikoki hartu diren erabakien bidez, alderdiaren organoei eta bere eskumenei zor zaien errespetutik baino ezin gara, estatutuetan oinarrituta, egoera berri batera iritsi”.

Pello Urizarren dimisiotik hiru hilabete betetzear daudenean, primarioen prozesua hasita dago dagoeneko: “Datorren astetik aurrera dagokion zentsuan sartuta dagoela esango zaio afiliazioari, hautagaiak urriaren 14ean ezagutuko dira eta 25ean hautaketa izango da”.

20190922_121114

20190922_164335

20190922_124222

20190922_123532

20190922_122159

20190922_121511

20190922_121254