Anjeles Iztueta Azkue (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburua)

Euskal Eskola Publikoaren jaiak, ondo pasatzeko aukera izateaz gain, irakasleen, gurasoen eta ikastetxearen beraren artean harreman handiagoa izan behar dela gogorarazten digu, geure seme-alaben heziketan emaitza hobeak lortze aldera.

Familiaren, irakasleen eta ikastetxeen arteko lankidetzaren araberakoa izango da hezkuntzaren eraginkortasuna. Parte hartzen duten eragile guztien arteko elkarrizketa errazak eraginkor eta koherenteagoak izaten lagunduko digu, eta, beraz, geure txikientzat eredu eta erreferentzia izaten lagunduko digu. Mezu kontraesankorrak ekiditen dituen irakaskuntza ezin hobea eta kalitatezkoa lortzeko, guraso eta irakasleen arteko komunikazio handia behar da.

Euskal Hezkuntza-Sistemak irakasleen profesionaltasuna, motibazioa eta dedikazioa behar ditu, baina, horretaz gain, gurasoen laguntza ere behar du, kalitatezko hezkuntza lortzeko. Ikastetxearen, irakasleen eta familien arteko elkarreragina izan ezean, oso zaila da emaitza onak lortzea. Maitasunarengatik, eraginkortasunarengatik eta mundu hori partekatzeak guztiok zoriontsuago egiten gaituelako egin behar da.

Azken bi hamarkadetan eskola zaharrak aldaketa sakona izan du, geure herriak eskatzen zuen hizkuntz normalizaziorako prozesura egokitzeko. Etengabe gertatzen ari den euskararen berreskurapena ez zen posible izango, eskola-elkartea osoak egin duen ahaleginik gabe. Ez dugu inoiz behar adina eskertuko beren burua euskalduntzeko irakasleek emandako dedikazio eta energia, eta horrek geure hizkuntzaren normalizazio eta berreskurapenean ekarri duen guztia. Baina, une hauetan, Euskal Eskola Publikoak eskola eleaniztun bihurtu behar du, eta, horretarako, euskara indartu behar da A ereduan, euskararen erabilpena hedatu behar da eguneroko bizitzan, eta ingelesaren ikaskuntzarekin aurrera jarraitu behar da.

Baina aurrekoaz gain, Euskal Eskola Publikoa aniztasun eta begirunearen eskaintza ere bada, geure herriaren gizarte-kohesiorako oinarri gisa.

Geure hezkuntza-sistemak, geure herriko historia eta kultura errespetatu eta ezagutzetik abiatuz, gizartekotasunerako eta kulturen arteko elkarrizketarako gunea izan behar du. Alde horretatik, Euskal Hezkuntza-Sistemak, eta Eskola Publikoak batez ere, ahalegina egin behar dute Euskal Herriko historia eta euskal kultura hezkuntza-curriculumean sartzeko.

Hemengo errealitatetik urrun bizi diren batzuek era interesatuan kontrakoa esan arren, ondorengoak dira euskal hezkuntzaren ereduak oinarri dituen baloreak: bizikidetza demokratikoa, jarrera kritikoa, hezkidetza, berdintasuna, justizia, gizarteak gehiago parte hartzearen beharra, aniztasunarekiko begirunea, kontzientzi askatasuna, elkartasuna, elkarrekiko onarpen eta begirunea, giza eskubideen defentsa, gatazkak era baketsuan konpontzea eta duintasuna, gizakiaren ezinbesteko eta oinarrizko ezaugarria den aldetik.

Euskal Eskola Publikoan erronkak ere badaude, hobetu behar diren alderdiak. Lehengoa ondorengoa ulertzea da, hots, Euskal Hezkuntza-Sistema bat dago, ikastolek, ikastetxe erlijiosoek eta Euskal Eskola Publikoak osatzen dutena, eta sektore publikoaren eta itunpeko sektorearen arteko lankidetza izan behar da, kalitatezko irakaskuntza lortzeko. Eskola publikoa-eskola pribatua bikotetik etengabeko elkarrizketan eta fondo publikoen bidez diruz lagundutako eskola guztien parte-hartzean oinarritutako eredu batera pasatu behar dugu. Euskal Hezkuntza-Sistema fondo publikoen bidez diruz lagundutako ikastetxeek osatutako sare bat dela ulertu behar dugu, eskaintza publikoa eta itunpekoa hezkuntza-plangintzan eta programazioan erabat integratzeko.

Eskola malgua, irekia eta bere ingurunerik gertukoenarekiko: auzoa, herriaÉ elkarrekintzan jarduten duena lortu behar da. Ikastetxeek irekiak izan behar dute kanpotik datozen ekarpenak jasotzeko, beren baliabideak auzoaren, herriaren eskura jarri behar dituzte, espazioak, jakintzak, jarduerakÉ partekatzeko.

Geure hezkuntzaren kalitatea ikastetxe bakoitzaren errealitate konkretuan egunero dugu jokoan, ikastetxeak baitira hezkuntza-proiektuaren benetako protagonistak. Dituzten giza baliabide eta baliabide materialek, haien antolaketak, berritzeko gaitasunak, ingurunearekiko harremanak baldintzatzen dituzte emaitzak, arrakasta edo porrota. Hezkuntza-politikarik onenak ikastetxe bakoitzak ahalik eta autonomiarik handienarekin funtzionatzeko baldintzak sortu behar ditu, ikasleen arrakasta eskola-elkartearen dedikazio profesionalaren ondorioa izan dadin, eta ez kanpoko faktoreek eragindakoa.

Geure ustez, irakasleen egonkortasuna irakaskuntzaren kalitatea da eta, horregatik, lan-eskaintza publiko batera deitu dugu. Azterketak udan izango dira. Era berean, beste LEP batera deitzeko konpromisoa hartu dugu, legegintzaldi honek bukatu aurretik.

Geure ikastetxeetako batzuek akatsak dituzte: ez dituzte patio estaliak edo kiroldegiak, sarri eraikinak zaharrak dira, eta egokitzeko obrak behar dituzte. Indarreko legeria aldatuko dugu, obrak dezentralitzatzeko eta ahalik eta azkarrena egiteko.

Familiaren eta gizartearen parte-hartzeak hezkuntzaren kalitatea esan nahi du. Ordezkarien bidezko partaidetzatik haratago, jardueretan parte hartzea bultzatu behar da, gurasoen partaidetza bultzatuko duten proiektu zehatzen bidez.

Asko dira erronkak, baina geure herriaren eta familien etorkizunak geure esfortzu guztia merezi dute.

Jatorria: Anjeles Iztueta