Eusko Alkartasunak, urtero bezala, RPS federazioaren Udako Unibertsitatean parte hartu du, Frantziako Estatuko indar politiko periferikoekin batera

Regions et Peuples Solidaires, 12 alderdiek osatzen duten Frantziako Estatuko alderdi subiranista eta autonomisten Federazioak “Autonomia eta interdependentzia” izenburupean antolatutako Udako Unibertsitatean parte hartu du Eusko Alkartasunak asteburuan. Bertan Lorena Lopez de Lacallek, Eusko Alkartasunako Nazioarteko Politikako idazkariak, Europa “kolore eta forma anitzeko errealitate” gisa ikusi behar dela azpimarratu du, “ez kolore bakarreko argazki bezala”.

Miren Urreztieta Eusko Alkartasunaren Iparraldeko koordinatzailearekin eta Philippe Duluc RPSko zuzendaritzako kidearekin batera joan da Lopez de Lacalle Udako Unibertsitatea egin den An Oriant herri bretainiarrera. Eusko Alkartasunako ordezkariak “Lurraldeen zeregina ekonomiaren susperraldian eta Europaren etorkizuna” izenburupean egindako eztabaidan parte hartu zuen, eta Europako Aliantza Libreak bultzatutako “geografia aldakorraren” kontzeptua garatu.

Lopez de Lacallek Europar Batasunaren eraikuntza goitik behera egin zela kritikatu zuen, horrek dituen ondorio logikoekin, eta “elkartasuna eta pragmatismo printzipioetan oinarritutako berreraikitzea” defendatu zuen. Beste hainbat arlotan bezala, Covidek agerian utzi ditu EBren funtzionamendu-akatsak: estatikoa eta estatuko mugetan oinarritua. Hala, osasun krisian zirkulazio askearen mugak are gehiago azpimarratu direla gogorarazi zuen, batez ere Euskal Herrian, non bizitza sozialak, kulturalak eta linguistikoak ezarritako mugak gainditzen dituen. “Hendaiatik 100 km iparraldera edo ekialdera joan zitekeen, baina ez hegoaldera, nahiz eta hizkuntza eta kultura bera partekatu, ehunka pertsonaren eguneroko bizitzan arazo asko sortuz”, gogoratu zuen.

Baina ez Euskal Herrian bakarrik, Eusko Alkartasunako ordezkariak azaldu duenez, “Europako herri asko dira, batez ere Erdialdeko Europan, historiarekin eta gizartearekin bat ez datozen muga artifizialen arabera banatuta geratu direnak””.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak laster ireki dituela Europar Batasunaren etorkizunari buruzko kontsultak, gogoratu zuen López de Lacallek, eta orduan ALE eta RPS osatzen duten alderdiek “proposamen berritzaileak egingo dituzte, estatu kideen jarrera birzentralizatzailea gaindituta, Batzordea eta, bereziki, Europako Parlamentua garai berrien buru izan daitezen, gizartearen sektore guztiek benetan parte hartzeko oinarriak ezarriz”.