Jesus Mari Larrazabal Jesus Mari Larrazabalek Hezkuntza sailburuari berretsi dio ezinbestekoa dela hizkuntz ereduen sistema gainditzea, euskarari lehentasuna ematea eta Euskal Herria terminoaren adiera osoa hartzea, hizkuntzari eta kulturari lotutako dimentsiora mugatu gabe.

Jesus Mari Larrazabalek Hezkuntza sailburu Isabel Celaak Euskadiko Eskola Kontseiluaren gomendioak aintzat hartu behar dituela uste du eta, ondorioz, Haur Hezkuntzatik Batxilergora curriculuma ezartzen duten dekretuen erreforma aldatu behar duela. EAk Celaaren erreformari eginiko kritikak berretsi ditu Eskola Kontseiluak, legebiltzarkide independentistaren aburuz, eta hasteko erreformaren izaera unilaterala gaitzesten du. Izan ere, dio Larrazabalek, “sailburuak hezkuntza sistemari buruzko bere ikuspegi partikularra inposatu nahi izan du, sektoreko eragileekin akordioak lortzen saiatu gabe; Tontxu Camposek, ordea, ez zuen horrelakorik egin eta bere dekretuak aldez aurretik hezkuntza eragileekin egindako negoziazioen emaitza izan ziren”.

Aldez aurretiko adostasunik gabe jaio da Celaaren erreforma eta horrek babes eskasa ematen dio. Horrexegatik, sailburuak Eskola Kontseiluaren gomendioak hartzera behartuta ikusi beharko luke bere burua, “hezkuntza eragile gehienak bere erreformaren aurka ikusi nahi ez baditu behintzat”, ohartarazi dio Larrazabalek. EAko buruzagiaren iritziz, euskarari lehentasuna ematea ezinbestekoa da, euskara delako egoera ahulean dagoen hizkuntza ofiziala; horregatik, “Celaaren planteamendua ez da onargarria, egoera ezberdinean dauden bi hizkuntzari ezin zaielako tratamendu bera eman”. Halaber, Eskola Kontseiluak ere esan bezala, hizkuntz ereduen sistema gainditu beharra nabarmendu du Larrazabalek, ikasleen elebitasuna bermatzen ez duelako.

Euskal Herria terminoaren erabilera ere aztertu du EAko ordezkariak, eta bat dator hitz hori bere osotasunean hartzeko Eskola Kontseiluaren eskaerarekin, bere dimentsio historikoa eta soziala aintzat hartuta, eta ez bakarrik hizkuntzari eta kulturari lotutako adiera.

Jatorria: Eusko Alkartasuna