Alderdi independentistaren ustez, atzo ezagutu zen kasuak demostratu du, berriro ere, “Estatuak bere botere guztia erabiltzen duela Katalaunia eta Euskal Herriko herri nahiaren aurka”

Eusko Alkartasunak Estatu espainiarrak Kataluniako mugimendu independentista instituzionalaren aurka, bereziki ERCren aurka, martxan jarritako operazioa salatu du eta, Esquerrak bezala, Barne ministroaren dimisioa exijitu du. EAko Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak adierazi du Mariano Rajoyk ere azalpenak eman behar dituela eta argitu behar duela Kataluniako lider independentistak ezbaian jartzeko operazioa ezagutzen zuen edo ez: “Horrela balitz, ondorioak egon beharko lirateke”.
Eusko Alkartasunak bere elkartasuna adierazi die PPk ikertutako politikariei eta, bereziki, Esquerrako kideei. “Estatuak herrien eskubideak aitortzen ez dituen Espainia horren etsai bezala seinalatutako horiekin izandako lankidetza historiaz harro gaude”, esan du Badiolak eta argudiatu du Barne ministroa bera izan dela “independentismo instituzionalak gizarte eragileekin egindako lanaren balioa argi utzi duena”.
Badiolaren ustez, Barne ministroak zuzendutako operazioak argi utzi du “ERCk eta ikertu dituzten politikariek ez dutela ezkutatzeko ezer ez” eta gaineratu du PPk ez liokeela horrelako ikerketa bati eutsiko, “bere kideen arauz kanpoko kudeaketa eta ustelkeria ikusita”.