Ikerne Badiola Ikerne Badiolaren esanetan, “elkarrizketa politikoa sistema demokratikoaren oinarrietariko bat da eta hori epaitegietara eramatea astakeria hutsa da”.

Eusko Alkartasunak logikotzat jo du Auzitegi Gorenak gaur ezagutzera eman duen erabakia, hau da, Ibarretxeren, Lopezen, Aresen, Otegiren eta beste lau mahaikideren aurkako auzia artxibatzea. EAren ustez, erabaki hori ondorio logikoa da epaiketak inolako zentzurik ez zeukalako eta elkarrizketa bera, demokraziaren oinarri bat, kriminalizatzen saiatu delako.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak adierazi duenez, epaiketa ezin zen beste modu batean amaitu, “elkarrizketa politikoaren kontrako erasoak zentzurik ez duelako”. Herri honetan epaileen erabaki juridiko bidegabeak jasotzen ohituta egon arren, “oraingoan sen ona eta zentzutasuna gailendu dira”.

Badiolak elkarrizketa politikoaren balioa aldarrikatu du normalizazioa eta bakea lortzeko eta EAk bide horren alde duen konpromiso irmoa berretsi du.

Jatorria: Eusko Alkartasuna