Martxoaren 8rako ezarri ziren zerbitzu minimoen helburua grebarako eskubidea urratzea zela salatu du Maider Otamendik gaur, eta jarrera horrek emakumearen egoera aldatzeko borondate politiko eza adierazten duela gaineratu: “Berdintasun politikak egunero jarri behar dira praktikan eta ez martxoaren 8aren bueltan adierazpen instituzional ponposotara mugatuz”.
Enplegu eta Justizia sailburuari martxoaren 8ko egun historikoan ezarritako gutxieneko zerbitzuei buruz galdera egin dio Otamendik gaurko Kontrolerako Osoko Bilkuran. “Ez da kasualitatea feminizatuenak eta prekarizatuenak diren sektoreei ezartzea zerbitzu minimo altuenak: Sektore hauetako langile emakumeek greba ezin egin izatea bilatu zen”, adierazi du.
EH Bilduko legebiltzarkidea eta EAkideak lanpostu horiek garrantzi handia dutela aitortu du, baina “hain garrantzitsuak diren zerbitzuak izanik, zergatik ez ditugu, merezi duten bezala, balioan jartzen? Zergatik ez dituzue neurriak hartzen langile hauek baldintza duinetan lan egin ahal izan dezaten?”, galdetu du.