Carlos Garaikoetxea

Asmoa nuen Egunkaria-ren arduradunak laguntzea Madrilen gaur, Auzitegi Nazionalera joan behar duten egunean, eta, horrela, guztien aurrean elkartasuna adierazi. Nire borondateaz kanpoko gorabeherengatik, ezingo naiz joan, eta, horregatik, idatzi honen bitartez, elkartasun horren berri eman nahi dut, eta, bide batez, adierazi nahi ditut euskarazko egunkariari berari eta hura aurrera ateratzeko meritua izan zuen lan taldeari jazarri izanaren aurka egoteko ditudan arrazoiak.

Hasteko, Egunkaria-ren arduradunen aurkako sumarioa irakurrita, nahiko ondorio argia ateratzen da: berriro ere, instrukzio honetan ikusten da epailearen dedukzioak presuntzio hutsak direla, eta haren ondorio irmoetan nabarmen-nabarmen agertzen ez dena zuzenbideko presuntzio sakratua da: errugabetasuna. Epaileak interesa ikusi dio ETAri Egunkaria-ren zuzendaritzan pertsona batzuen ideologia haien oniritzikoa izateko, eta hortik ondorioztatu du zuzendaritzako taldekoak ETAren laguntzaile direla. Ez dut inor harrituko esanda, zorionez edo zoritxarrez, ez dagoela ez alderdi eta ez gizarte talderik beren jirako ideiak dituzten pertsonak izan nahi ez dituenik, edozein tokitan. Eta, dialektikoki, onartuta ere izan zirela, izan, lotura pertsonal jakin batzuk ETArekin zein haren epigonoarekin helburu horiek lortzearren Egunkaria-ren kasuan, neurrigabeko izugarrikeria da egunkari bat aurrean eramatea eta arduradun guztiak auzibidean jartzea erruduntasun presuntzioa emanda, larderia beraren subjektu aktibo izan balira bezala. Martxa honetan, Sharon eliz akolito bat izango da auzo palestinarrak aurrean eramaten dituenean, Hamaseko kideren bati jazartzen dabilen aitzakiarekin.Ezin dut egin gabe utzi neure-neure gogoeta bat: aspalditik ezagutzen ditut auzipetuetako batzuk, eta horrek are gehiago indartzen du nire aurreko gogoeta. Baina ehiza horren bidegabekeria salatzeko, nahikoa nuen Egunkaria-ren lehendakari Martin Ugaldek jasandako jazarpen zuzengabea salatu; gure bihotzeko adiskide zaharra eredu izan baitzitekeen epaitu zutenentzat, bizi guztian erakutsi zuen gizatasun eta zentzu demokratikoagatik. Martini, ankerkeriaren ankerra, hil eta gero itzuli zioten zapaldutako duintasuna; baina gaur beste Ugalde batzuk izango dira Madrilgo Auzitegi Nazionalean, eta horiei garaiago itzul diezaiekete beren duintasuna.Egunero irakurtzen nuen Egunkaria, uste bainuen gure hizkuntza deuseztatzeko hainbeste ahalegin ondoren, beste edozeren gainetik, euskarazko egunkari batek oinarrizko ekarpena egiten ziola hizkuntzaren iraupenari, ekarpen historikoa. Pentsatzen nuen, gainera, egunkariaren balioa autoreen ideologiaren arabera neurtu beharrean, eskerrak eman behar zitzaizkiela euren ekimen eta ahaleginari esker euskarazko egunkaria errealitate bihurtzeagatik, edozein euskaldun zintzok begi onez ikusi beharko lukeen kausa bategatik.

Nire uste demokratikoak ez ziren higatu Egunkaria irakurrita, Espainiako prentsako beste batzuk begiratzen ditudanean higatzen diren bezala, eta epaileak Egunkaria-ri aitortzen dion kontrabando ideologikoa, hainbeste egunkariren militantzia antieuskaldunaren aldean (eta antiabertzalea zer esanik ez!), txantxa makabroa da euskarazko kazetaren aurkako oldarra gogoratuta.

Auzitegi Nazionalak Al Caponeren epaileak imitatu nahi izan ditu Egunkaria-ren inguruan bigarren mailako kontabilitate eta finantzabideetako beste bekatu batzuk bilatuta, baina ez legoke gaizki gogo bera jarriko balu milaka aurreztaileri egindako iruzurra ikertzeko: esaterako, Espainiako unean uneko Gobernuak konpainia pribatizatuak erabilita bere sokako buruzagiak (hori bai, botere politikoak nahierara izendatuak) abentura mediatikoetan sartu dituenean, abentura batzuetan hondagarrietan, betiere beren zerbitzura. Baina, jakina!, kasu horietan ez zegoen ez larderia politikorik, ez kontrabando ideologikorik, ez finantza likiskeriarik; Gobernu legitimoen zerbitzurako eskularru finez egindako lapurretak baino ez!

Egunkaria-ri egindako bidegabekeria egin, gaur auzipetuta daudenen ahaleginarekin eta gizartearen bultzadarekin kazeta sortu zuen indar berak sortu du beste euskal egunkari bat. Uler bezate horrekin epaileek behin betiko, euskararen alde egunkari bat egiten denean, ikastolak sortzen direnean edo euskal kulturarekin lotuta beste enpresa ekimen batzuk bultzatzen direnean, askoz errealitate sakonagoa izan badela auzi horretan erakusten direnak baino: hizkuntza eta kultura ezaba ez diezaioten borrokan diharduen herri baten errealitatea, euskal herriaren kontzientzia kolektiboa ezabatzeko ahaleginaren aurka diharduen herriarena, hain zuzen.

Jatorria: Carlos Garaikoetxea