Juanjo Agirrezabala Juanjo Agirrezabala bat dator Patxi Lopezekin zerga-politika aldatu eta iruzurraren aurkako borroka hobetu beharrari dagokionez, eta “fiskalitate berri baterako bide horretan EA laguntzeko prest” egongo dela esan dio lehendakariari.

Juanjo Agirrezabalak zerga-erreforma eta iruzurraren aurkako borroka bultzatzeko eskatu dio lehendakariari gaur goizean Eusko Legebiltzarrean Kontrolerako Osoko Bilkuran. Halaber, EAren elkarlana eskaini dio egitasmo horiek aurrera eramateko, “diagnostikoan ados gaudelako”. Horri jarraituz, “lehendakaria zentzu horretan benetan lan egiteko prest baldin badago, fiskalitate berri baterako bidean lagun izango gaitu”, jakinarazi dio legebiltzarkide independentistak Patxi Lopezi.

Zenbait ikerketaren arabera EAEn zerga-iruzurra 10.000 milioi euro ingurukoa dela gogorarazi du Agirrezabalak eta, beraz, iruzurraren aurkako borrokan Jaurlaritza buru-belarri aritzea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Horretarako, Jaurlaritzak, foru aldundiekin batera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako plan bateratu bat sustatu behar duela adierazi du EAko legebiltzarkideak, eta zerga-politika erreformatzearen aldeko EAren apustua berretsi du. Horri dagokionez, hainbat elementutan lehendakaria ere bat datorrela ikusita, “ateak irekita daude elkarlanean aritzeko eta gai honetan akordioak lortzeko”, erantsi du Agirrezabalak.

Jatorria: Eusko Alkartasuna