Krisia ez da ingurumen legedia ez betetzeko aitzakia, ohartarazi du Juanjo Agirrezabalak, eta dei egin die enpresari, langileei eta instituzioei lanpostuak bermatuko dituen konponbide bat adostera.

Juanjo Agirrezabalak positibotzat jo du Eusko Legebiltzarrak gaur goizean, EAk hala proposatuta, Inama enpresak Muxikan (Bizkaia) jarraitzearen aldeko legez besteko proposamen bat onartzea. Ganbarak lantegia ixteko asmoa berraztertzeko eskatu dio enpresari, bai eta jarduera mantentzeko ere, bertako 160 lanpostuak ziurtatuz. Legebiltzarrak elkarrizketa-bideak zabalik mantentzeko eskatu die enpresari, langileei eta instituzioei, alde guztien artean konpainiaren biziraupena eta lanpostuak bermatze aldera.

EAko legebiltzarkidearen iritziz, garrantzitsua da, baita ere, Legebiltzarrak Jaurlaritzari, Bizkaiko Aldundiari eta Busturialdeko udalei eskualde horretako garapenerako plangintza bat egin dezatela eskatzea. Halaber, Agirrezabalak gogorarazi du krisia ez dela aitzakia ingurumen legedia ez betetzeko eta, beraz, Inamaren etorkizuna bermatzeko edozein konponbidek Urdaibaiko Biosferako Erreserbari dagozkion araudiak zorrotz bete beharko dituela adierazi du.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA