Urtarrilaren 28an izango da jardunaldia, 17:00etatik 19:30era, -euskaraz, gaztelaniaz eta ingelerazko itzulpenarekin- eta esteka honen bidez jarraitu ahal izango da:

https://us02web.zoom.us/j/84140973579

IMG-20220124-WA0014

EAk eta Alkartasuna Fundazioak, ALE (Europako Aliantza Librea) alderdi politiko europarraren laguntzarekin, “Eskola inklusibora murgilduz Europan” webinarra antolatu dute, 3 helburuokin:

  1. Europan hizkuntza-murgiltze eredu onenak zeintzuk diren aztertzea, hezkuntza-lege berri bati begira;
  2. Hezkuntzaren eta erakundeen eremutik kanpo euskararen erabilera nola sustatu.
  3. Finlandiak, Faroe Uharteek eta Kataluniak arlo horretan duten esperientzia ezagutu.

Ikuspegi instituzionala duen lehen mintegi honen bidez, Eusko Alkartasunak Hezkuntza sistemaren inguruko analisia egingo du. Historikoki EA hezkuntzara oso bideratua egon da bai Euskal Herrian, baita Europar mailan ere, gobernu ezberdinetan kudeatu baitu gizarte kohesiorako zutabe den gai hau.

Lehen mahai-inguruan “euskal hezkuntza lege berriak dakartzan aldaketa eta erronkak” aztertuko dira. Indarrean dagoen Hezkuntzaren Euskal Legea 80ko hamarkadakoa da, gaurkotze premian dagoena. Eusko Legebiltzarra hasi da hezkuntza legearen berritze prozesua, eta bertan, eztabaida mahai honetan ager daitezkeen ekarpenak ezarri nahi ditu EAk. Tontxu Campos eta Angeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu ohiek eta Eba Blanco Eusko Alkartasunako Idazkari Nagusi eta Legebiltzarreko mahaikideak parte hartuko dute bertan; euskal hezkuntza-eredua berrikusi eta XXI. mendeko eredua izateko zer proposamen eta ekintza hartu behar diren aztertuko da.

Bigarren mahai-inguruak “irakasleen prestakuntza, hizkuntza gutxituak eta inklusioa” landuko ditu. Beñat Amenabar EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko dekanoak eta Jon Díaz EHUko irakasleak hartuko dute parte. Horrela, unibertsitatetik irakasleen prestakuntzan sakontzen saiatuko dira.

Hirugarren mahai-inguruan, hezkuntza-aniztasuna eta kultura-aniztasuna sustatzen duten hezkuntza-eredu inklusibo onenak aplikatzeko jardunbide egokiak aztertuko dira. Horretarako, hiru nazio aitzindari gonbidatu dira, haien artean Finlandia, Anna Jungner-Nordgren Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Sareko presidenteordeak Finlandiako hezkuntza eredua eta hizkuntza minoritarioen transmisioa azalduko ditu.

Faroe uharteetako Terji Beder-ek parte hartuko du, Faroe uharteetako gobernuaren Kanpo Arazoetarako eta Kulturako Ministerioko aholkulariak. Faroera hizkuntza nazionalaren hezkuntza-ereduaz hitz egingo du; nola lortu duten hizkuntza gutxitua zena gizarteko alor guztietara zabaltzea.

Hirugarren gonbidatua Francesc Xavier Vila izango da, Kataluniako Generalitateko Hizkuntza Politikarako idazkaria. Egungo eredua azalduko du, baita Katalunian hartutako erabakiak Espainiako Estatuak onartzeko dituzten zailtasunak ere.