EAk auziperatuen erabateko absoluzio osoa exijitu du eta agerikoa den bultzada politikoa salatu du.

Eusko Alkartasunak babes eta elkartasun osoa berretsi die ‘Euskaldunon Egunkaria auzian’ auziperatuta dauden pertsona guztiei; izan ere, haien kontrako epaiketa abenduaren 14an hasiko da Auzitegi Nazionalean, arrazoi politikoek -ez juridikoek- bultzatuta. Hori da azalpen bakarra Euskal Herrian soberan ezagunak diren Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleagari ETAkoak direla leporatzeko.
EAren iritziz, oso adierazgarria da Fiskaltzak berak ere auzia artxibatzeko eskatu izana, ahozko epaiketa irekitzeko argudiorik ez dagoelako. Bultzada politikoa agerian geratu da, Auzitegi Nazionalak Fiskaltzaren eta defentsaren helegiteak atzera bota dituelako eta bere autoa AVT eta Dignidad y Justicia herri akusazioaren argudioetan oinarritzen duelako.
Auzitegiaren erabakia zentzugabekeriaren garaipena da, bai eta adierazpen eta prentsa askatasunen aurkako jazarpena eta erasoa muturreraino eramatea ere. Hori dela eta, prozesuaren amaiera onargarri bakarra akusatu guztien erabateko absoluzioa da.

Jatorria: Eusko Alkartasuna