La Esperantzako ekipamenduaren kudeaketa EAJren pantaila-elkarte bati esleitu zaiola eta ekipamenduaren koordinatzaileak Imanol Pradalesen hauteskunde-zerrendako 16. postua bete zuela krikatu du.

Bilboko Eusko Alkartasunak legegintzaldiaren lehen urtearen balantzea egin du, Udalean dagoen “entxufismo politiko maila jasanezina” azpimarratuz. Alderdi independentistak La Esperantzako frontoi zaharra zegoen orubean eraikitako ekipamendu berrian jarri du arreta. Ekipamenduaren kudeaketa pribatizatu da, eta 302.300,77 euroan esleitu zen otsailean EAJren pantaila-elkarte bati, Hazian Kultur Elkarteari hain zuzen ere. Elkarte horrek Sabino Arana Fundazioarekin eta EAJren beste satelite-elkarte batzuekin partekatzen du egoitza

EAren arabera, “ekipamendu hori ez zen pribatizatu behar, zerbitzua udaleko langileek eman behar zuten” eta nabarmendu duenez, espazio hori koordinatzeko “entxufismo politikora jo dute berriro ekipamenduaren buruan Maialen Olabe jarri dutenean. Maialen Olabe Plentziako EAJko kidea da, eta Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan Imanol Pradales buru zuen hauteskunde-zerrendako 16. postua bete zuen”.

Horri gehitu behar zaio berriki EGIko militantea eta Gogorregiko konpartsakidea den Jone Larrazabal Jaietako zuzendari izendatu dutela eta Santutxuko Batzokia kudeatzen duen Asier Lópezek Espazio Publikoa Erabiltzeko Bulegoko zuzendaria dela.

Bilbobus
Bestalde, Eusko Alkartasunak gogora ekarri ditu Artxandako funikularraren greba-egunak, Bilbao Kirolaken gaur egungo egoera – igerilekuak itxita daude – eta Bilbobuseko gatazka luzea, eta adierazi duenez, “pribatizazioak eta gobernu-taldearen elkarrizketa-falta lan-gatazka horien atzean daude”.
Bilbobuseko grebaren kasuan, EAk azpimarratu du “funtsezko zerbitzu publiko horren pribatizazioa” dela zerbitzu horrek “azken hogei urteetan jasan dituen lan-gatazka gehienen jatorria”.

EAren aburuz, “gobernu-taldeak herritarrei helarazi nahi die egoera arazo puntual baten ondorio dela, testuinguru global batean prezioak igo direlako, eta ezkutatu nahi du emakida horrek arazoak izan dituela esleipendun guztiekin, TCSArekin, zer esanik ez Veoliaren garaian, eta orain Biobiderekin berriz ere”.

EAk azpimarratu du Bilbo salbuespena dela inguruko hirien artean, zerbitzua pribatizatzen duen bakarra baita. “Donostiak, Gasteizek, baita Santanderrek edo Burgosek ere, zuzenean kudeatzen dute zerbitzua, eta Bilbon, berriz, lizitaziora ateratzen da enpresa pribatu batek negozioa egin dezan, nahiz eta 2009an Herri Kontuen Euskal Epaitegiak anomalia horretaz ohartarazi”, esan du.

Zentzu horretan, Eusko Alkartasunak uste du Juan Mari Aburto alkateak eta Nora Abete Mugikortasuneko zinegotziak erabaki behar dutela “arazoaren parte izaten jarraitu nahi duten, enpresarekin lerrokatuz eta langileen aurkako adierazpenak eginez, orain arte egin duten bezala; edo, aitzitik, konponbidearen parte izan nahi duten, %100ean udalarena den eta bitartekorik ez duen hiri-autobus zerbitzu baten alde eginez”.

Turistifikazioa
EAJk garatutako ekitaldien eta turistifikazioaren estrategiari dagokionez, EAk honako balorazioa egin du: “politika horien eragina aztertzean, udal-agintariek jarduera ekonomikoaren eragina bakarrik aipatzen dute, eta ez dute aipatzen eragin hori esku gutxi batzuetan kontzentratzen dela, eta ez dituzte kontuan hartzen lotutako kanpo-efektu negatiboak. Urteetan zehar Bilboko Udalak alfonbra gorri bat jarri du gutxi batzuek negozioa egin dezaten, herritar gehienek inpaktu negatiboak jasaten dituzten bitartean”.

“EAJren kontrolik gabeko turistifikazioaren ondorio negatiboen adibiderik nabarmenena etxebizitza turistikoen ugaritzea da. Etxebizitza horiek bizikidetza-arazoak sortzen dituzte eta etxebizitzaren prezioa garestitzearen eta alokairu faltaren erantzule zuzenak dira”, adierazi du.

Hain zuzen ere, Eusko Alkartasunaren ustez, maiatzeko osoko bilkuran pisu turistikoak mugatzeko iragarri zen HAPOaren aldaketa partziala “agerian uzten du beste alde batera begira egon den gobernu-talde baten kudeaketa txarra. HAPO berria duela bi urte baino ez zen onartu, 2022an, eta orain partxe bat planteatzen dute garai hartan bazegoen eta haren existentzia ukatzen zuten arazo baterako”, kritikatu du.