“Krisi garaian sinplista da kalitatezko zerbitzuak gastu publikoa murriztuz eta aberatsei zergak igo gabe manten daitezkeela esatea”, ohartarazi dio Ikerne Badiolak EAJri.

Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak “Ongizate Estatua arriskuan jartzea” egotzi dio EAJri, jeltzaleek zerga politika erreformatzeari uko egiten baitiote. EAJ ez dago ados sektore ekonomiko indartsuek zerga altuagoak ordaintzearekin eta horrek, Badiolaren esanetan, kalitatezko zerbitzu publikoei eustea eragotziko du etorkizunean. “Gehiago dutenek gehiago ordaindu ezean, ezinezkoa izango da kalitatezko zerbitzuak mantentzea, Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek gastuak murrizten dituzten eta foru ogasunek bildutako diru-kopurua jaisten den bitartean”, dio Badiolak.

Hori dela eta, EAko agintariak zerga politika erreformatzea presazkoa eta ezinbestekoa dela berretsi du, “irizpide aurrerakoiei jarraituz, krisia betikoek ordain ez dezaten”. Badiolak horri Justizia Soziala esaten zaiola gogorarazi dio Iñigo Urkulluri, “eta Justizia Soziala eskatzea inoiz ez da sinplista edo demagogikoa; krisi garaian benetan sinplista dena gastuak murriztuz eta aberatsen zergak ikutu gabe kalitatezko zerbitzuak mantentzea posiblea dela esatea da”. Horregatik, erantsi du Badiolak, erreforma fiskalaren aurka Urkulluk esandakoa “iraina da krisiaren ondorioz langabezian edo lan erregulazioan dauden milaka langileentzat”.

Jatorria: Eusko Alkartasuna