Kutxabanken hauteskunde prozesua salatu du Euskal Herria Bilduk, bai formengatik baita izango dituen ondorio politikoengatik ere.

Kutxabank osatzen duten kutxen hauteskunde prozesua baloratu du Euskal Herria Bilduk.

Agerraldi honen helburua da Kutxabank osatzen duten kutxen hauteskunde prozesuaren balorazioa egitea.

Eta atzo gertatutakoa larria da, oso larria. Hautesku prozesu honetan agerian geratu da EAJk eta PPk Kutxabanken boterea banatzeko lortu zuten akordioa blindatua dagoela eta PSEk eta CCOOek beren babesa eman diotela euskal eta espainiar eskuinaren finantza ereduari.

Gertatutakoaren balorazioak bi atal ditu. Alde batetik, formala, prozesua bere horretan salagarria izan delako; etika, gardentasuna eta demokrazia falta izan dira, eta Gipuzkoan azpijokoak ere erabili izan dira Kutxaren kontrola ziurtatzeko. Araban inertziaz jokatu da, EAJ, PP, PSE eta CCOO itun berriaren gehiengoa ez zegoelako jokoan.

Etika falta izan da, balantza Euskal Herria Bilduren aldera eraman zezaketenek jasan behar izan duten presioa lotsagarria izan delako.

Gardentasuna falta izan da, Gipuzkoan esistitzen ez den gehiengoa ziurtatzeko estatutuak ‘ad hoc’ prestatu direlako eta era nahasian erabili direlako. Ezkerreko subiranistek jendartean duten ordezkaritza erakundeetara eta finantza esparruetara iristea saihesteko, gehiengo artifizala eraiki dute beste behin.

Demokrazia falta izan da, EAJk, PSEk, PPk eta CCOOek ez dutelako onartu nahi izan Gipuzkoako gehiengo sozial eta politikoa Euskal Herria Bildurekin lerratzen dela. Erakundeetan ez dakit zein akordioren beldurra ikusten dute batzuk, baina hemen akordioak pairatu behar izan dituen bakarra Euskal Herria Bildu da.

Kutxako Batzarraren 79 ordezkaritik 35 ditu Euskal Herria Bilduk. Herrialdean gehiengo zabala eta irmoa daukagu eta azken hiru hauteskundeetan irabazi ditugu, udalen gehiengo oso handi batean agintean gaude, eta Diputazioan ere bai. Bada, EAJk erabaki du gehiengo hori ez duela errespetatzen, jeltzaleek Legebiltzarrean duten gehiengoa baino askoz zabalagoa izan arren; eta EH Bilduk hasiera-hasieratik aitortu eta errespetatu du gehiengo hori. Iturbe Kutxako presidentea Batzarreko 14 ordezkari baino ez dituen hautagaitzaren buru da.

Eskrupulu demokratiko gutxi izatea erakutsi du Xabier Iturbek prozesu honetan.

Interesen arabera, modu batera edo bestera jokatu du, eta horrek agerian uzten du etikarik ez daukala eta herritarren borondatea ez duela errespetatzen.

Gatozen orain balorazio politikora. Jarrera hori erabat salagarria iruditzen zaigu, are gehiago normalizazio politikoaren helburuak adostasunetarako eta akordioetarako ahalegin berezia eskatzen dienean arduradun politikoei. Baina akordioak erdisteko eta Kutxabank denon artean eraikitzeko gure asmoei atea itxi diete beti.

EAEko hiru kutxek bat egiteko akordioa lortu genuenean jaso genuen lehen danbatekoa muturren aurrean, nahiz eta akordio horri diskrepantzia osoz baina erantzukizunez aurre egin genion. Bategite prozesuaren beharra ikusten genuen, eta bizi genuen une ekonomikoak ahalegin berezia eskatzen zuela ulertu genuen. Hala ere, bategiterako lortu genuen akordioa erabaki aldebakarrekoz hautsi zuten, EH Bilduren ordezkaritza mugatzeko eta murrizteko helburu bakarrarekin.

Euskal Herriak une politiko jakin bat bizi duen honetan, bazterketaren politikara itzuli gara. Desleial jokatu dute, eta gure herrian beti ere zailak izan diren alderdien arteko harremanak kolokan jarri dituzte, harreman horiek inoiz baino arinagoak izatea eskatzen duen une politikoan.

Esparru politikotik haratagoko ondorioak izango ditu atzo gertatutakoak. Jakin badakigu Euskal Herria Bilduren aurkako frontearekin bat egiteak barne tentsioak eragin dituela CCOO sindikatuan. Eta argi dago erabaki horrek ez diola mesede egingo sindikalgintza ulertzeko modu horri, hain hustu, lan sindikala inoiz baino beharrezkoagoa denean langileriarentzat.

Ez izan zalantzarik. Kutxaren azken Batzarra inpugnatzera goazela, ez dugulako onartzen Gipuzkoako herritarren borondateari iruzur egitea eta gure herriko finantza erakunde nagusira aldaketa eramateko asmoak hori merezi duela uste dugulako.

Ezin dugu esan prozesuaren gorabeherek harritu gaituztenik, EAJk eta PPk bategite prozesuaren hastapenetatik erakutsi zutelako Kutxabank kontrolpean izateko asmoa zutela, eta ez zutela onartu behar kudeaketa eredu alternatiboa proposatzen dugunok Administrazio Kontseiluan lekua izatea. Baina egia da EAJ uste genuena baino askoz urrunago joan dela eta uste genuena baino babes zabalagoa izatea lortu duela.

Kutxabanken EAJk botere osoa izateko borrokak kapitulu asko izan ditu: bategiterako akordioaren haustura, Udal Legearen tramitazioa eta PSEk eta PPk babestuta azken aste honetan egin dituen trikimailuak eta azpijokoak. Baina guzti-guztietan helburu bat izan da agerikoa: Euskal Herria Bildu Gipuzkoatik baztertzea, hau da, sozial eta politikoki gehiengoa garen lurraldetik baztertzea. Eta, aldi berean, indarrean dagoen finantza ereduaren aurka azaltzen direnak, krisira eraman gaituen ereduaren aurka azaltzen direnak, jokatzeko aukera barik uztea.

Formetaz eta ondorio politikoetaz hitz egin dugu, baina Kutxabanken ere izango dira ondorioak. PSEk eta CCOOek ezin dute herritarrak engainatzeko beren asmoarekin jarraitu: Kutxabank banku pribatu eta espekulatzailea izatea nahi dutenek beren asmoak gauzatuko dituzte; desjabetzeak eteteko proposamenenei ezetz esan zioten horiek bere horretan jarraituko dute.

PSEk eta CCOOek eskuinaren proiektua babestu dute, alternatiba bazuten arren; Kutxabank kudeatzeko bestelako eredu bar, Euskal Herria Bildurena.

Jatorria: Eusko Alkartasuna