EH Bilduren bozemaile aritu da gaurko Osoko Bilkuran Leire Pinedo eta bertan EAJ, PSE eta PPren zerga politikek progresibitarearen ikuspegitik atzera pausoa suposatu dutela esan du. Horrela, zerga sistemaren zama lan errenten gainean erortzen da, enpresa eta kapitalaren ekarpenak gero eta txikiagoak diren bitartean.
Datu zehatzak eman ditu Pinedok, 2007an lan errentek diru-bilketa osoaren %29,3a suposatzen zuten, eta 2017an guztiaren %32,9a (727 milioi euro gehiago). Enpresek ordaindutakoa aldiz erdira jaitsi dira, %14,8tik %7,7ra (922,5 milioi gutxiago).
Krisi garaian egin diren zerga erreforma guztiek, krisiari aurre egiteko aurrera eraman diren murrizketak bezala, Europan gailendu den ikuspegi liberalari jarraitzen diote, “langileen aldeko politikak indartu ditzakeen zerga politikak egin beharrean, kapitalaren aldeko zerga politikak hobetsiz”, salatu du legebiltzarkideak eta EAJri esan dio beraiek ere “bide hori jarraitzen dutela”.
Berriki EAJ, PSE eta PPk adostutako zerga aldaketak “ez du epe luzeko ikuspunturik eta tamalez, eskuineko ikuspuntu liberala jarraitzen du, gehiago dutenei mesede egiten die eta ez ditu ezberdintasun sozialak kontutan hartzen”.