Endika Montes, EH Bilduko Bizkaiko batzarkidea eta EAkideak Diputazioak babestutako ekitaldietan lan eskubideak bete daitezen deia egiteko eskatu du. Montesek gogoratu duenez, mediatikoki oso garrantzi handia izango duten ekitaldiak daude aurten Bizkaian -Routes Europe, European Champions Cup/European Challenge, The World’s 50 Best Restaurants, Bienal Máquina Herramienta, Solfestibal, BBK Live, Vuelta edo MTV Music Awards- eta ekitaldi hauek “ez bakarrik etekin ekonomikoak baizik eta etekin sozialak izateko lan egitea” eskatu du.

Jende ugari etorriko da Bizkaira ekitaldi hauetan parte hartzeko eta pertsona asko egongo da lanean, baina “ahaldun nagusiak lanpostu ugari asko sortuko direla esaten duenean, ez du esaten zenbat izango diren egonkorrak eta duinak”. Horregatik Diputazioak ekitaldi bat babesten duenean zenbait baldintza exijitzeko deia egin du: “Inguruko lan baldintzak errespetatzea, azpikontratetan lan egiten duten langileek Bizkaikoen baldintza berdinak izan ditzaten, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna bermatua izan dadin, lan legedia betetzea, eta lan osasun eta segurtasun baldintzak bermatzea”.

Era berean, ekitaldi horiek tokian tokiko ekonomian eragina izan dezaten bertako produktuak kontsumitu eta bertako hornitzaileak kontratatzea beharrezkoa dela esan du. Gainera, kultura ere kontutan hartzearen beharra aipatu du, “euskara erabili, bertako artistak kontutan hartzea, edo ekitaldi instituzionaletan gure kulturari lekua egitea”, alegia