Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak kode penala aldatzea proposatu du Osoko Bilkuran, Koroaren aurkako irainak despenalizatzeko. EH Bilduren eta ERCren lege-proposamena aintzat hartzea onartua izan da.

Idurre Bidegurenek adierazi duenez, “EH Bilduk hainbat arrazoi ditu proposamen hori egiteko. Alde batetik, legezkotasunagatik, indarrean dagoen legediak nazioarteko hitzarmenen eskakizunak bete behar dituelako. Baina, gainera, demokrazia aurreratu eta modernoaren alde egiten duen gizarteak adierazpen-askatasuna bermatuta izan behar du”.

Salatu duenez, “artisten, kazetarien edo edozein pertsonaren iritzia edo kritika hain neurriz kanpo jazartzeak, delitua izanik, zuzenean eragiten die sistema demokratiko baten oinarriei, eta hori onartezina da”.

“XXI. mendean, oinarrizko eskubideak errespetatuko dituen eta adierazpen-askatasuna bermatuko duen gizarte bat izan behar dugu, eta, horretarako, beharrezkoa da kode penala lehenbailehen aldatzea”, ondorioztatu du.