Aldiro bidegabezko konparazioetan oinarritutako polemikak sortzen dira. Oraingoan, polemika hori EITBko programa baten bueltan, zeinetan, grazia gehiago edo gutxiago duten topikoetan oinarriturik, hegoaldean ditugun gure bizilagunen inguruko euskaldunon iritzia agertzen den. Gaiak dimentsio berezia hartu du eta jende askok agertu duen umore selektiboa mahaigaineratu du. Honetan, gainera, pertsona bat bereziki kaltetua izan da, Miren Gaztañaga euskal aktorea.
Gaztañagak saioan esaten dituenak, ziurrenik, nahiko landugabekoak dira, topiko guztiak diren bezalaxe, eta, bereziki, telebista formatuaren testuingurutik ateratzen badira. Paradoxikoki, euskal gizarteak –topikoaren arabera oso itxia eta gureetaz horren harro gaudenak- bere buruaz barre egiten ikasi zuen, antza denez, euskal kate publikoaren beste programa bati esker. Horretan, euskal gizarteko esparru guztiak parodiatu ziren, topiko guztiak agertu ziren, inongo eskandalurik gabe.
Are gehiago, azken urteetako Estatu mailako film arrakastatsuen artean topikoz beterik dagoen bat dago eta bertan ez da euskal gizartea bere osotasunean satirizatzen, abertzaletasunaren ingurukoei barre egiten die zehazki. Ez dugu ahaztu behar, gainera, “8 apellidos vascos” filmea euskal emakumeen inguruko topiko matxistez beteta dagoela: aizkorarekin moztutako kopeta-ilea, genio txarra, gizonekiko interes falta… Alfonso Ussiak baino grazia gehiagorekin egiten du, egia da, baina oinarrian gauza bera da.
Agian, euskal gizarteak hain barneratua du egoera hau, harritu egiten garela beste kolektibo batzuk haserretu egiten direnean beraien aurkako topikoak entzutean. EITBez ari garela, oraindik gogoratzen dugu irrati espainoletan euskaldunei buruz, abertzalei buruz bereziki, esaten ziren astakeriak biltzen zuen “El cocidito” programa. Ez zen inoiz inor izutu eta egileek ez zuten inoiz inongo ondoriorik jaso esaten zituztenengatik, ezta?
Gehiago esan daiteke: sare sozialetan eman diren biolentziaren aurkako operazioek erakutsi digutenez, Carrero Blancori buruzko txiste bat egiteak garesti ordaindu daiteke baina sekulan ez dute neurririk hartu politikari abertzaleei mehatxu egiten dietenei edo Berlingo atentatu integristan zauritutako bizkaitarrari hainbat basatikeria esan zietenen kontra. Era berean, Espainiako Defentsa ministro eta PPko idazkari nagusi den María Dolores de Cospedalek ez die inolako garrantzirik eman militar batzuek Nafarroako lehendakariaren aurka botatako irainei. Uxue Barkosi “puta” deitu izana adierazpen askatasunean kokatu zuen Emakumeen Nazioarteko Egunean, gainera, baina ETBko ditxosozko programan esandakoak larritzat jo zituen Cospedalek.

Guztia ikusita, abertzaleei egiten zaizkien iseka edo irainak adierazpen askatasunaren barruan kokatu behar direla pentsatu genezake, espainiarrei barre egitea onartezina den bitartean. Diglosia politiko eta soziala bezala definitu daitekeena bizi dugu, eta unionismotik datorren guztia errespetagarritzat hartzen da, abertzaletasunetik datorrenak estatus hori lortzeko berriz izugarrizko kontrola pasa behar du.

Eta guzti horrek pertsona zehatzei eragiten die, batez ere bere lana publikoa bada. Gotzon Sánchez aktorearekin gertatu zen, eta orain Miren Gaztañaga kasu berdinean dago. Kuriosoa da hori “progre” fama duen zine-antzerkiaren arloan gertatzea, eta kuriosoa da ere euskal hiztunak ez diren aktoreak nolabaiteko diskriminazioa salatu dutelako sarri. Hala baina, Ebrotik behera euskara edo abertzaletasunarekin lotzen den guztiari eta guztiei zailtasun handiak jartzen dion sektorea da.