Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarraga buru zuelarik, Ezinduak Ohiko Lan Merkatura Sartzeko Planaren Zirriborroa egiteko Erakundeen Taldea eratzeko bilera izan da gaur.

Bilera horretan adierazi duenez, plan horren helburuak bi motatakoak dira. Batetik, orokorrak:

a) Ezinduak ohiko lan-merkatura sartu daitezen sustatzea.

b) Ezinduentzako enplegu-arloko lan-arauak betearaztea.

c) Ezinduen enplegagarritasuna sustatzea.

Bestetik, eta helburu zehatz gisa, honakoak ditu:

a) Ezintasuna -fisikoa, psikikoa, sentsoriala…- duten pertsonen egoeraren diagnostikoa egitea, azterketa horren arabera, ezindu horiek ohiko lan-merkatura sartzea ahalbidetzen duten neurriak ezartzeko.

b) Ohiko lan-merkatura behar bezala sartzeko ezinduek dituzten beharrak ezagutzea.

c) Eta lan-merkatuan dauden lanpostuak egokitzea, ezinduak sartu daitezen errazteko.

Azkarragak Erakundeen Taldea eratzeko bileran azpimarrratu zuenez, berak zuzentzen duen sailaren jarduera nagusietako bat izan da ikuskapen lana indartzea, legeak ezartzen dituen kupo horiek bete daitezen saiatzeko, ikusirik lanpostuen ehuneko bat ezinduentzat erreserbatzen dituzten lege-arauak neurri handi batean ez direla betetzen. Ziurtatu zuenez, ezinduek “lehentasunezko tratua merezi dute gure sailaren aldetik, lehentasunezko helburua baitira garatzen ditugun gizarteratze-programetan”.

Era berean, iragarri zuen legegintzadi honetan ekintza positiboko neurriekin aurrera jarraitzeko asmoa duela Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, ezinduak ohiko lan-merkatura sar daitezen ahalbidetzeko.

Testuinguru horretan kokatu zuen plan hori taxutzeko lanen hasiera, “Ohiko lan-merkatura sartzea hartzen baitu helburutzat, gure ustez hori delako, eta ez beste edozein, giza talde hori normaltasunez gizarteratzeko benetako tresna, beti ere Enplegu Zentro Berezien lana gutxietsi gabe ”.

Azkarragak adierazi zuenez, “tamalgarria” da oraindik aurreiritziak egotea ezinduak kontratatzerakoan. ´Enplegu-sortzaile askok uste dute ezinduak ez direla beste edozein langile bezain produktiboak izateko gai; edota, absentismo handiagoa izan dezaketela, edo tratamendu berezi bat eskatu. Errealitateak, ordea, argi eta garbi gezurtatzen ditu aurreiritzi horiek”.

Hala, iragarri zuen lehenengo lana izango dela “informazioa indartzea eta lan-merkatuaren gardentasuna hobetzea, ezintasuna balioaniztasun bihurtzeko helburuarekin”. Erabat ziur gaude legeak betetzen direla zaintzea baino zerbait gehiago egin behar dugula: ezintasunaren ondorioz ohiko lanerako eragotzita egon ordez, kasu askotan lan jakinetarako produktibitate handiagoa izan dezaketen pertsonen benetako gizarteratzea bermatu behar dugu.

Jatorria: Joseba Azkarraga