Joseba Azkarraga Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Askatasuna, EAE-ANV eta EHAK legez kanpo utzi dituzte aste berean. Joseba Azkarraga kritiko agertu da auzitegien erabaki horiekin. Sententzien atzean irizpide politiko soilak daudela uste du.

EAE-ANV eta EHAK legez kanpo utzi ditu Espainiako Auzitegi Gorenak. Hausnarketarik?

Alderdien legez kanporatzeak ez du inolako zentzurik. Ilegalizazioaren funts nagusia terrorismoaren gaitzespen eza baldin bada, uste dut gaitzespen ezaren inguruan balorazio etiko eta moralak egin daitezkeela, baina hori ezin dela oinarri izan alderdi politiko bat legez kanpo uzteko. Hori horrela bada, zer dela-eta ez da ilegalizatzen PSOE alderdia, GAL erakundearen indarkeria ez badu gaitzetsi eta hura martxan jarri badu? Argi dago Alderdien Legearen erabilera alderdikoia egiten ari direla, eta lege hori ad hoc egindako legea dela. Datozen hauteskundeei begira ezker abertzalearen zerrenda zuriak ahalbidetuko dituzte, uste badute horrek EAJren eta EAren gehiengoa saihesteko balio dezakeela. Nik beti defendatuko dut alderdi guztiek dutela eskubidea hauteskundeetara aurkezteko, eta arbuiagarria iruditzen zait PSOEk alderdi interesen arabera erabiltzea lege hori.

Ezker abertzaleak datozen hauteskundeetara aurkezteko modua izango duela uste duzu?

PSOEk erabakitzen duenaren araberakoa izango da hori. Zapateroren gobernuak azken udal eta foru hauteskundeetan jokatu duen moduan jokatuko du, legearen erabilera maltzurra eginez. Nik nahiko nuke ezker abertzaleak aurkezteko modua izatea.

Aste honetan jakin dugu Amnistiaren Aldeko Mugimenduan jarduteagatik 21 lagun zigortu berri dituela Auzitegi Nazionalak.

Sententzia usteetan dago oinarrituta, ez dago ebidentzia bat bera ere. Beraz, Justiziak usteak erabiltzen dituenean ondorioztatu behar da uste politiko eta ideologikoekin ari dela. Eta hori da Garzon epaileari gertatu zaiona. Duela hiru bat urte, Garzonek esaten zuen dena zela ETA, gerora kontrakoa esan zuen, eta orain berriro bueltatu da hasierako tesi horretara. Irizpide politikoetan oinarrituta lan egiten du.

ETAren aurkako hainbat lege aldaketa hitzartu zituzten Zapaterok eta Raxoik uda hasieran. Uste duzu gatazka konpontzeko lagungarriak direla lege erreforma horiek?

Ez, kontrako norabidean doaz. PSOEk eta PPk bat egiten dutenean terrorismoaren aurkako borrokan, askatasunen sistema dardarka has daiteke. Kasu honetan ere bai. Aldaketa horiek Konstituzioaren ikuspuntutik ere ilegalak direla esango nuke. Badirudi ETAren aurka denak balio duela, askatasuna urratzeak, eskubideak urratzeak… Haatik, terrorismoaren aurka legedia erabiltzeak baino ez du balio, eta ez da hori egiten ari.

 

Lotura: Elkarrizketa Berria egunkarian
Jatorria: Edurne Begiristain/Berria