Estatuko Aurrekontu Orokorrak Gobernuak bere planak, promesak eta ideiak garatzeko duen tresnarik garrantzitsuena dira. Funtsezko tresna da Gobernuarentzat eta herritarrentzat. Hala ere, inoiz ez da kontu publikoei buruz 2020 ilun honetan haina hitz egin, eta EH Bildu izan da komentario horietako gehienen protagonista.

EH Bilduri buruzko kritikak, gezurrak hobeto esanda, eskuinaren amorruaren isla dira. Estatuan gizarte justiziarantz abiatzeko aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoak emateko aukerarekin amorratuta dago eskuina, gutxi batzuen pribilegioekin amaitu eta gehiengoarentzat onurak ekarriko duten aldaketak egin, eta Estatuaren funtsezko estamentuetan geratzen diren frankismoaren arrastoak ere desegiteko aukera dagoelako.

Eskuin amorratu horrek beldurra dio, ere eta bereziki, Estatuaren antolaketaren arloan aldaketei ateak irekitzeko aukerari, behingoz egiteke dagoen erronka handiari heltzeari, alegia: 1978ko Konstituzioak zapaldutako nazioetako herritarrei ahotsa eman eta bakea, normalizazioa eta bizikidetzaren eraikuntzan aurrera egitea.

Eskuina amorrarazten duen horrek bultzatu du EH Bildu aurrekontuak babestera. Erabakia zaila izan dela ez dugu ukatuko. Eta hori, Eusko Alkartasunak, izaera instituzionala duen alderdi independentista izanda, Espainiako Kongresuan eta Senatuan parte hartu duela bere sorreratik, beti ekarpen eraikitzaileak eginda, euskal herritarren eskaera nazionalak normalizatzeko lan eginez eta Euskal Herriarentzako partida garrantzitsuak sartuz, Aurrekontuak kontu hutsak baino gehiago direla ohartuta.

Izan ere, aurrekontuak kontuak baino gehiago dira, tresna politikoa ere badira. Badirudi beste bizitza batean izan zela, baina 2005ean, ez da horrenbeste denbora pasa, Begoña Lasagabasterrek, Eusko Alkartasunako diputatuak, aurrekontuen tramitazioan agertu zuen ezezko jarrera abstentziora aldatu zuen. Lasagabasterrek orduan azaldu zuenez, aldaketa ez zen horrenbeste aurrekontuengatik izan (ez adostasun handiak mantentzen baitziren), “Gobernuak bakegintzan eta normalizazio politikoan egindako ahalegin garrantzitsua”-gatik baizik. 2005a zen, Rodríguez Zapateroren Gobernua, eta handik bost hilabetera ETAren su-eten heldu zen.

Konfiantzazko keinuak egiteko unea zen, eta egin ziren. Orain bezala. Zuhurtzia eta errealismo handiz. Eskuina hainbeste haserretzen duen aldaketarako aukera apala da, baina alternatiba, beldurgarria. Euskal subiranotasunak, baita katalanak ere, maila eman du egindako keinuekin, emaitzak historikoak izan daitezkeelako: asko dago irabazteko eta asko galtzeko. Ausartu beharra zegoen, eta ausartu gara.

Oraindik ere ez dakigu noraino iritsiko den Gobernua. Baina Aurrekontuen onarpenaren bultzadarik gabe ez legoke aurrerapausorik emateko aukerarik, eta eskuinaren erreakzio amorratuak erakusten du badela irekitzen hasi den bide bat. Bide horrek euskal eta kataluniar independentismoaren konpromisoa behar du, eta guk, elkarrekin lan eginda, indartsuagoak eta erabakigarriagoak garela erakutsi dugu.

Momentua garrantzitsua da, ultraeskuindarren mehatxuak eta pandemiak utzi duen erabateko krisiak inplikazioa eta konponbideak behar ditu. Erabat gure gustukoak diren aurrekontuen alternatiba sistema publikoa pribatizatzen jarraitzea, gizartearen zati handi bat atzean geratzea, birzentralizatzea, enplegu prekarioa, soldata-arrakala gehiago zabaltzea, immigrazioa kriminalizatzea, larrialdi klimatikoaren aurrean ekintzarik ez izatea…

Azken batean, liberalismo hutsa, ekonomia indartzeko alferrikakoak izan diren eta behin-behinekotasun tasa handiak, desberdintasunen hazkundea, zerbitzu publikoaren zaurgarritasuna, balio indibidualistak eta planetaren suntsipena eragin dituzten politika neoliberalekin jarraitzea ekarriko lukeena.

EH Bilduren botoarekin onartutako aurrekontuek ez dituzte arazo guzti horiek konponduko, baina gure konpromisoa duen aldaketaren hasiera markatzen dute. Euskal independentismoa dagokion mailan dago. Espero dugu Espainiako Gobernuak ere maila ematea, eta frankismoaren arrastoek eta kloakek egiten dizkioten erasoak gainditzeko indarra izatea.

Bideguren