‘Euskal Herriaz beldurrik gabe hitz egin behar dugu, bai liburuetan eta bai mintzatzeko garaian. Errealitate hori existitzen da. Politikoki gaur egun hiru zatitan banatuta dago, baina kulturalki Euskal Herri osoaz hitz egin behar da.’ Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko sailburu
berria da Anjeles Iztueta tolosarra. Emakumezko bat Hezkuntza sailburuaren eserlekuan
jesartzen den lehenengo aldia da. Hemendik aurrera, aurreko gizonezko sailburuen
argazkien ondoan emakume honena ere zintzilikatuko dute.
Kementsu eta indarrez ekin dio bere lanari, esparru bakoitzeko erronkak argi
dituelarik.
Horiek lortzeko bidean hezkuntza munduko partaide ororekin kontatu nahi du,
iritziak eta proposamenak jaso nahi ditu. Ateak irekita dituela aditzera eman
digu.
Zein dira legealdi honetako erronka nagusiak?

Sei erronka azpimarratuko nituzke: 0-3 etaparen arautzea, Lanbide Heziketaren
liburu zuria egitea, geure Unibertsitate Lege berria egitea, beken politika
birplanteatzea, herrien Europaren berri izatea gure neska-mutilek eta eskola
Itun berria adostea.
Goazen sei erronka horiek banaka aztertzera.
0-3 etapari dagokionez, zein asmo ditu Hezkuntza Saliak?
0-3 etapa arautzea eta garatzea da erronka honetako
zeregina. Etapa hori hezkuntza laguntza bezala ikusten dugu, hau da, biak uztarturik,
osotasunean harturik. Ikuspegi horrekin haur eskolen ordutegiak zabalak izango
dira eta estaldura aldetik zenbait konpromiso bete behar ditugu legegintzaldi
hau bukatzerako. Esate baterako, 2-3 urteko tarte horretan eskariaren % 100
bete behar dugu, eta txikietan gutxienez % 40.
Proiektu honen buru hezkuntza saila izango da, berak koordinatuko du, baina
Gobernuko zenbait sailek hartu dute parte. Bat Lan Saila izango da, azken finean
0-3 etapa familia eta hezkuntza, familia eta lana, bateratzeko euskarria delako.
Horrez gain, Gai Soziealetarako Sailak ere parte hartuko du, eta Nekazaritzak
ere bai, nekazari guneetarako programa bereziak egin behar direlako. Eusko Jaurlaritzaz
aparte, udalek eta Foru Aldundiek ere parte hartuko dute.
Beraz, lehen erronketako bat 0-3 etapa garatzea
da, ikuspegi zabal batetik eta hainbat sailen artean, betiere Hezkuntza Saila
gidari delarik. Izan ere, etapa hori LOGSEren barruan ulertzen dugu, LOGSE malgu
baten barruan. Dena dela, LOGSE dagoen bezala ez da geldituko, dagoeneko aldaketa
batzuk egin baitira etapa horri dagokionez.

Guk zuzendutako etapa izango da, baina ez geurea soilik, sail eta instituzio
gehiagok esku hartuko dute. Ez baitugu hezkuntza ikuspegia soilik sartuko horren
barruan, gehiago baizik.
Lanbide Heziketari bultzada berezia eman nahi
diozue. Zein neurri hartuz egingo duzue hori?
Lanbide Heziketaren alorrean sailordetza berria
daukagu. Gobernuan sailordetza berria sortzeak asko esan nahi du, maila handiko
egitura delako. Hor Lanbide Heziketa eta bizitzan zeharreko ikaskuntza bilduko
ditugu, eta liburu zuri bat egingo dugu, Liburu horretan kualifikazio sistema
berria eta akreditazio sistema berria bilduko dira. Laburki esanda, horren ondorioz
edozein kualifikazio bi hilabetean sortu ahal izango da. Lehen titulazio bat
sortzeko urtebere edo urte eta erdi behar baldi bazen, orain bi hilabetetan
behar bati erantzungo dion espezializazioa eta titulazio sortzeko ahalmena izango
da. Eta noski, titulazioarekin batera akreditazio eta homologazio sistema osoa
ere bai.

Esan beharra dago Lanbide Heziketaren inguruan sistema bakarra egongo dela.
Hau da, Lanbide Heziketak hezkuntza sistema barruko irakaskuntza eta hortik
kanpokoa hartuko ditu bere baitan. Beraz, lanean eta langabezian daudenek ere
aukera berak izango dituzte ikasketak egiteko.
Gainera, Lanbide Heziketa modularra izango da. Horrek esan nahi du edozein ikasketa
40 orduko modulutan zatituko dela. Normalean hezkuntza sistemaren barruko ikasketak
200-300 orduko modulutakoak izaten dira, baina hezkuntza sistematik kanpokoak
gutxiagokoak. Hori egokiagoa da lanean dabiltzanentzat.
Hezkuntza sistemaren barruko Lanbide Heziketa
Hezkuntza Sailak bideratzen du eta Lan Sailak ere parte hartzen du. Eta sistematik
kanpokoan, aldiz, Foru Aldundiek eta udalek ere parte hartzen dute. Beraz, erakundeen
arteko lana da eta denek esku hartzen dute prestakuntza alor horretan ere.
Lanbide Heziketari lotuta, Europan Udal eta
Eskualde Agintarien Elkartea sortu berri da eta lehendakariorde kargua duzu
zuk. Zer eragin Izango du hemen?

Guretzat politikoki eta estrategikoki edo profesionalki garrantzi handikoa da.
Garrantzia du, alde batetik, herrien Europaren inguruan aurrera pauso bat delako,
eta beste aldetik, prestakuntza alorrekoa delako. Hainbar herrialde historiko
daude elkartean: Gales, Toscana, gu…eta laster sartuko dira Babiera, Eskozia…Hezkuntzaren
mundua eta herrien Europa lotzen dituen erakundea da.
Madrilgo Unibertsitate Lege berria onartu
da, eta horren aurrean zer jarrera hartuko du Hezkuntza Saliak?
Gure unibertsitatearen autonomiaren kontra doa
guztiz, eta baita gure autonomia politikoaren aurka ere. Horren aurrean geure
Unibertsitate Legea egingo dugu eta hemengo Legebiltzarrera eramango dugu. Horko
taldeak ados jartzen baldin bagara eta onartzen baldin badugu, hori izango da
gure legea. Adostasun hori lortzeak asko esan nahiko du.
Lege organikoek ez al dute hemengo autonomia
baldintzatzen?
Guk geure autonomiaren barruan hezkuntza maila
guztietan eskumen osoa daukagu. Hortaz, unibertsitate esparruan ere geure legea
egiteko eskumen osoa daukagu.

Horrez gain, unibertsitatearen autonomia bultzatuko duen lege berria egin behar
dugu, eta ez administrazioaren esku-hartzea bultzatuko duena.
Beken politikaren birplanteaketa da aipatu
duzun laugarren erronka. Zein aldaketa egingo dira arlo horretan?
Beka politika guzti-guztia birplanteatuko dugu;
0urtetik hasi eta unibertsitatea bukatu bitartean. Aldaketa horrekin bekaren
politika horretan kontzeptu gehiago sartuko ditugu: matrikulak, liburuak, jantokiak,
garraioak, hizkuntzak…Horrekin batera familia eredu desberdinetara egokituko
dugu: batzuk bi, hiru edo lau seme-alabako bikoteak; familia batzuetan ezinduak
daude…Orduan, gaur egungo familia ereduari egokitutako politika behar dugu,
ez orain dela 25 urtekoari. Beste aldaketa bat diru sarrerei dagokiena izango
da, hots, diru sarrerak progresiboak izango dira maila batetik aurrera. Datorren
ikasturtean jarriko da martxan sistema berria.
Berdintasuna lantzeko modu bat da hezkuntza,
eta hori gogoan izanda aldatuko dugu beken politika.
Herrien Europa aipatu duzu bosgarren erronka
modura. Zer ulertu behar dugu horrekin?

Herien europa landu egin behar dela. Alde horretatik, nik uste dut txikitatik
hasi behar dela hori lantzen. Ez da teoria kontua, nik uste dut herrien Europa
bultzatzen baldin badugu eta horretan sinesten baldin badugu, euskal Herria
hor beste herri bat izango dela, beste herri aske bat. Horretarako, herriak
ezagutu egin behar dira eta txikitatik erabili behar da materiala Korsika, Bretainia
eta gainontzeko herriak zer diren ezagutzeko. Halaber, topaketak bultzatu eta
beste hainbat gauza ere egin behar dira, eta denak txikitatik hasita. Zeren,
oraingo haur eta gazteek Europan zein herri dauden ez baldin badakite, estatuak
soilik ezagutzen baldi badituzte, ez dute Europako herrien alde lanik egingo.
Euskal Herria bezala beste hainbat herri daude eta hori hezkuntza sistema osoan
landu behar da.
Curriculumaren barruan landuko al litzateke?

Bai, curriculumean sartuko genuke, baina, lehenengo, era esperimentalean, Europaren
ikasketa ikaskuntza ibilbide guztiansartuko dugu, eta horren barruan Europako
herriak, ez estatuak soilik.
Ikasmaterialak direla-eta Nafarroan sortu
zen afera ikusirik, batzuk ez dira herrien Europa hori lantzearen oso aldeko
izango.
Argi dago Euskal Herria existitzen dela, eta
ez kultur mailan soilik 1979ko estatutuak ere Euskal Herria subjektu politikotzat
hartzen zuen, eta eskubide historikoak zituen. Beraz, subjektu politikoa ere
bada, eskubideak dituelako politikoki.

Horretaz beldurrik gabe hitz egin behar dugu. Bai liburuetan eta bai mintzatzeko
garaian. Errealitate hori existitzen da. Politikoki gaur egun hiru zatitan banatuta
dago, baina kulturalki Euskal Herri osoaz hitz egin behar da. Hori gure materialetan
beldurrik gabe landu behar dela uste dut.
Azken erronkatzat Eskola Itun berria aipatu
duzu. Zer planteatzen da horri dagokionez?

Adostasunez egin beharreko ituna da, eta beste zazpi edo zortzi urterako ituna
adostu behar dugu. Aurrekoa 1993an egin zen hura aztertu beharko lehendabizi:
ea bete den, ea zein hutsune gelditu zaizkion….eta ondoren berria prestatu.

Eskola Itun berriarekin batera, Euskal Eskolaren
Legea egitea aurreikusten al da?
Gure konpromisoa Eskola Itun berria egitea da.
Agian horren atzetik lege berri bat etor daiteke, baina lehenengo ituna dago,
marko orokorra. Euskal hezkuntza sistemaren barruan zenbait sare daude, helburu
batzuk, adostutako arau batzuk eta abar. Hori adostea da gure konpromisoa, bai
alderdi politikoekin eta bai hezkuntzako partaide guztiekin. Horren ondorioa
lege bat izango den ala ez gero ikusiko da. Lehenengo gauza ituna da.
Irakasleen prestakuntzari dagokionez, nola
jarraituko du? Orain arteko bideak egongo al dira?
Orain arteko programak egongo dira: Garatu, Irale..Horiek
hor jarraituko dute, baina errepasatu egingo ditugu. Legegintzaldi honetarako
lerro nagusi batzuk ezarri ditugu: beti kalitatea bultzatuko dugu, Europaren
gaia, aniztasuna…Horren inguruan garatuko dugu prestakuntza, helburuen inguruan,
helburuen atzetik doalako prestakuntza.
Iraleren inguruan kezka ugari daude.
Nik uste dut Iralek lan ona egin duela euskalduntze
bidean eta hezkuntza sistema Iraleren bidez euskaldundu da. Baina orain Iralek
egindakoa errepasatu eta birplanteanteatu egin behar da. Zeren irakasteria euskaldunduta
baldin badago ere, kalitate maila igo baitaiteke.
Irakasleen %30 edo euskaldundu gabe gelditu
da, eta seguraski hala geldituko da. Horiei zein irtenbide eman behar zaie sistema
bera euskalduntzen joateko?
Mementoz ezin dizuet esan zer egingo dugun. Baina
orain arte euskaldundu ez den multzo hori euskalduntzea zaila da. Horiekin zer
egin daitekeen pentsatu behar da.

Baina horrekin batera, euskaldundu den irakasleriaren euskara maila hobetzera
bideratu behar dugu Irale. Oso eukalduntze justua izan da eta horrek izugarrizko
garrantzia du hezkuntzan. Euskara maila justu-justuarekin bai ezaguera eta transmititzen
ari den irakasleak akatsak egiten ditu. Hori ez da haren ardura soilik, gurea
ere bada Horregatik, gehienbat horretara bultzatu behar dugu Irale.
Orain arte Iralen sare publikoko irakasle
gehiago ibili da: %80 edo publikokoa zen eta gainontzekoa sare kontzertatukoa.
Hemendik aurrera ere proportzlo horrekinn jarraituko al da?
Nik garbi daukat sistema osoa euskaldundu behar
dela, bai publikoa eta bai kontzertatua. Era berean, bai sare bateko zein besteko
irakasle euskaldunen maila hobetu behar da, guztiena.
Euskararekin ari garelarik, A, B eta D ereduen
gaineko kezka ere zabaldua dago. Ereduen sistemaren moldaketa eskatzen da. Baina
zer aldatu behar den erabaki aurretik, ez al da ebaluazio sakon bat egin behar
orain artekoa aztertzeko?
Bai, lehenengo aztertu egin behar da eta horretan
hastekoak gara. Irakas sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakunde berria eratu
zen eta orain jarriko da abian. Institutu horren barruan plangintza bat egin
behar dugu zer gauza aztertu era ebaluatu behar diren jakiteko. Plangintza hori
urte amaierarako eginda egongo da eta horren berri emango dugu. Ondoren, ebaluazio
lanak segituan jarriko ditugu martxan eta hiru-lau hilabetean egingo dira. Horrela,
datorren ikasturterako ondorioak aterata egongo dira.
Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen
plangintzan aztergai izango diren gaiak zein izango diren aurrera al zeniezaguke?
Bai, hiru gai izango dira. Bata euskararena,
eta horren barruan ereduen sistema eta irakasleen euskara maila.Ereduek nahikoa
urte daramatzate martxan eta eredu bakoitzak nola funtzionatzen duen jakin behar
da. Hortaz, A,B eta D ereduak aztertuko ditugu eta ereduka zein euskara maila
dagoen ikusiko dugu. Haatik, ereduek ikasleei zein konpetentzia maila ematen
dien soilik ez da aztertuko, baita irakasleek zein euskara maila duten ere.

Bigarren aztergaia 14-16 urte bitarteko ikasleei eta irakasleei zer gertatzen
zaien ikustea izango da. Adin zaila da, bai ikasleentzat eta baita irakasleentzat
ere, eta ongi aztertu behar da; zer gertatzen den, nola konpontzen ari diren…

Hirugarren aztergaia eskola porrota da. Ondo aztertu behar da zer ulertzen dugun
eskola porrotarekin, horren inguruko elementuak, non dauzkagun zuloak, zergatik
egiten duten ikasleek porrot…
Ikastetxeen autonomiaren gaia ere pil-pilean
dago. Zein da hezkuntza Sailaren jarrera gai horretan?
Nik uste dut ikastetxeak autonomia behar duela,
hau da, ez du kanpotik bideratutako zerbait eduki behar. Alde horretatik, ikastetxeko
zuzendaritza taldea profesionalizatu nahi dugu, horri eman nahi diogu lehentasuna.
Zergatik? Ikastetxearen autonomiaren barruan euskarri bat izan daitekeelako.
Memento honetan inork ez du zuzendari izan nahi, ez duelako ezer irabazten.
Hori dela-eta, lanpostu hori duena bultzatu, lagundu egin nahi dugu. Eta horrekin
batera, zentroari berari ere autonomia gehiago eman. Denak ez du izan behar
kanpotik zuzendutakoa. Agian errazagoa izango da kanpotik zuzentzea, baina pasibotasuna
bultzatzen da.

Ikastetxe batzuetan proiektu pilotu batzuk jartzeko asmoa dugu, eta hortik ereduren
bat atera autonomia bultzatzeko. Mementoz asmoa baino ez da, ez dakigu zertan
gauzatuko den, baina datozen urteetan hori landu behar dugu. Bestela, zentroek
ez dute bizitzarik izango.
Ikastetxearen autonomia baldintzatzen duen
faktore garrantzitsu bat badago: langileen mugikortasuna.

Bai, hala da. Horrek asko baldintzatzen du, baina oso zaila da aldatzea. Beti
izango da zentralizatutako plagintza bat, baina hala ere, nik uste dut badaudela
landu daitezkeen gaiak.
Autonomiaren gaia landuko dugu legegintzaldi honetan, eta garaia iristen den
mementoan horretaz hausnartzen ari diren guztiekin kontatuko dugu.
Hainbeste espero den Lan Eskalntza Publikoa
noizko izango da?

Udarako izango da, 1.500 lanpostu aterako ditugu oposaketarako. Eta horrez gain,
ordezkapen zerrendak zein sistemaren arabera eratu eta kudeatuko diren adostuko
dugu sindikatuekin.
Bukatzeko, zein mezu emango zenieke irakasleei?
Alde batetik, konturatzen naizela zenbaterainoko
garrantzia duen beraien lanak. Beraiek ere ondo dakite gaurko haurrak eta gazteak
etorkizunerako prestatzen ari dira, eta horrek berebiziko garrantzia du. Nik
uste dut garrantzi handiko lana dela.

Horrez gain, kontziente naiz lan zaila daukatela. Eguneroko lana egiteaz gain,
etengabe prestatzen aritu behar dute.
Beraz, animatu egin nahi ditut garrantzi handiko lana dela konturatzen naizelako,
baina animoa behar duena. Nik neure buruari ere gauza bera esaten diot. Ez da
erronka erraza, egunero egunero aritu behar dute, eta beraien eskuetan dago
etorkizuneko gizartea. Ez dira ezagutzak soilik transmititzen ari, balioak eta
beste gauza asko ere bai. Horregatik, gure Euskal Herriko etorkizuna gaur egungo
irakasleen esku dago zati handi batean eta horretaz kontziente dira.
Zure eta Hezkuntza Sailaren jarrerak ere garrantzi
handia du irakasleentzat eta hezkuntzan ari diren langileentzat. Hau da, jasaten
dituzten erasoen aurrean zuen babesa eta defentsa izateak esanahi handia izan
dezake irakasleentzat. Horretaz kontziente al zara?
Bai, noski. Ni hemen gizarteko zati handi baten
ordezkari nago, eta horren araberako jarrera daukat Beste jarrera bat edukiko
banu gaizki egingo nuke, gure gizartearen gehiengoak ez baitu horrela pentsatzen.
Kasu horretan beste bat egongo litzateke sail honetan; EAren ordez PP agian.
Baina ez da hala, ni nago, eta ni EAkoa naizelako nago. Hori argi daukat, bai
Madrilekiko eta bai edozein herritarrekiko.
Guk argi ikusten dugu erkidego bezala geure hezkuntza
geure erara antolatzeko eskubide osoa daukagula. Ez daukagu onartu beharrik
ados ez gauden ezer. Alde horretatik, Madrildik datozen inposaketak ez ditugu
onartuko. Planteatzen dituzten zenbait gauzarekin ados baldin badago gure sistema
eta gure erkidegoa, onartuko ditugu, betiere etortzen zaigun guztia gure bahetik
pasatuz. Baina inposaketarik ez dugu onartuko. Horrelakoetan gure eskubidean
babestuko gara, gure hezkuntza geure beharren arabera antolatzeko eskubidea
daukagulako. Hori argi daukagu, gure hezkuntza geurea da.
Madrilen onartu duten Unibertsitate Legeak, esaterako,
Hezkuntza Sailaren barruan bertan ere antolatzeko aukerarik ez digu uzten, Sailaren
barruko antolaketan sartzen da, eta ez diogu kasurik egingo. Guk geure erara
antolatzeko eskubide osoa baitaukagu. Oinarrizko lege organikoak etortzen badira,
eta gure autonomia eta ikuspuntu guztia aurrez aurre jotzen badituzte, ez daukagu
kasurik egin beharrik.

Jatorria: Eusko Alkartasuna