“Amazonek inoizko onurarik handiena lortu du”, irakurtzen duzu egunkarian, auzoko tabernan kafea hartzen duzun bitartean eta jabeari udara ateak zabalik iritsiko den ez dakien entzun eta gero. “Andorrara lagunekin egotera doala esan du youtuber batek”, dio beste notizia batek eta orrialde beran erakunde bateko arduradunak oposizioaren eskaera guztiak aurrera eramateko dirurik ez dagoela adierazi duela irakurtzen duzu.
Mundu mailako pandemia sufritzen ari gara, eta ustez pertsona guztiei berdin eragiten dien krisi ekonomiko eta sozial orokorra sortu, edo sakondu da. Hala ere, pertsona aberatsenek irabazten jarraitzen dute, asko, eta pobreenak hondoratu egiten dira, desberdintasunarekin amaitzea gure gizartearen erronkarik handienetakoa dela erakutsiz.
Testuinguru horretan, gizarte justiziaren aldeko lanak inoiz baino zentzu handiagoa hartzen du, eta gizarte kohesionatua lortzeko funtsezko printzipioa dela ikusten da, pertsona guztiek bere bizitza proiektua ongizate-baldintzetan garatu ahal izateko erabat beharrezkoa. Horretarako, azken urtean ezinbestekoak direla ikusi ditugun esparruetan bere biziko garrantzia hartzen du justizia sozialak, hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, kultura, enplegua edo fiskalitatea. Pertsona guztiak esparru horietara berdintasun-baldintzetan iristeak gainditu gabeko ikasgaia izaten jarraitzen du.
Gizarte justiziaren Nazioarteko Egunean, Eusko Alkartasuna bezalako alderdi sozialdemokrata batek pertsona guztiek ongizate-maila egokia izango duten gizartea eraikitzeko lanarekin duen konpromisoa berresten du, eta horretarako, ezinbestean, sistema publikoa indartu behar da, bidezkoa eta birbanatzailea den zerga sistemarekin finantzatuta.
Bizi garen mundu globalizatua gero eta aberatsagoa da, baina, batez ere, ezberdintasunak handitu dira, gizarteen kohesioa murriztuz eta gizarte arrakala ezbairik gabe haziz. Horregatik da garrantzitsua gizarte justizia; teorian, ondasunak eta zerbitzuak modu ekitatiboan banatzea sustatzen duen ideia da, eta praktikan, pertsona guztiek ondasun eta zerbitzu guztiak benetan eskuratu ahal izatea legeen bidez bermatzeko lan egin behar da.
Ez da erraza, pandemiaren urte luzean ikusi dugun bezala. Hezkuntzan, adibidez, haur guztiak eskola publikoan sartu ahal direla ziurtatzeak ez du balio, geletan desberdintasunak mantentzen badira. Desberdintasun horiei heldu gabe – eskolaz kanpoko jarduerak, arrazakeria, material informatikoaren erabilera –, eskolak ez du bermatzen neska-mutil horien etorkizuneko aukera-berdintasuna.
Era berean, egun osasun publikoaren zerbitzuetara berdintasunean iristea ez dela posible dakigu eta ezin dugu ahaztu prekarietateak eta pobreziak pertsonen osasunean eragina dutela. Eta konturatu gara etxebizitza izateak ez duela bizitzeko leku seguru eta eroso bat duzula ziurtatzen; eraberean, etxebizitzan baldintza txarrak izateak ere osasunean era negatiboan eragiten duela.
Beste horrenbeste esan daiteke enpleguaren esparruari buruz. Txikitan heldua izatean amesten ez ditugun lanbide horiek, idealizatuta ez dauden horiek, konfinamenduaren egun latzenetan ongizatea bermatu digute: Banatzaileak, supermerkatuetako langileak, garbitzaileak, zaintzan lan egiten duten emakume guztiez ari naiz. Gaizki ordaindutako lanak dira kasu gehiegitan, oso feminizatuak eta errekonozimendu sozialik gabekoak: Erabat beharrezkoak dira baina langile prekarizatuak dituzten sektoreak askotan.
Hor konturatzen gara gizarte justiziak duen garrantziaz, ongizate pertsonala gizartearenetik bereizi ezin den jendartea eraiki nahi denean; norbanakoen eskubideak –sozialak, ekonomikoak eta politikoak– herritar guztiei zabaltzea da helburua.
Horretarako, ekoizpen-harreman, botere-harreman eta bizimodu berriak bildu eta gizarte justizian oinarritutako gizartea eraikiko duen garapen-eredu berria behar dugu. Eraiki nahi dugun gizartea bidezkoagoa eta kohesionatuagoa da, eta pertsona guztiek bizi-kalitatea eta aukera-berdintasuna bermatuta dute ekitate baldintzetan.
Pandemiak agerian utzi duena praktikara eramatea baino ez da: Gu zaintzeak gizartea ere zaintzea esan nahi du, norberak egiten duenak gizarte osoari eragiten baitio, batez ere ahulenei. Ongizate indibiduala lortzeko, gizarte osoarentzat ongizate eta oparotasun jasangarria sortu behar da.
Gizarteak ezin duela inor atzean utzi argi izan behar dugu. Hori gizarte justizia da, eta bi aurpegi ditu. Lehenengoa instituzionala: gizartea eraldatu eta berdintasunean oinarritzeko politika sozialdemokratena. Bigarrena, erantzukizun pertsonala da, aldameneko liburu-dendara joan beharrean liburu bat etxeko sofatik smartphonearekin multinazional bati erosteak merezi duen pentsatzea; ekonomikoki posible izanez gero, fruta auzoko dendan erosi beharrean, azalera handi batean erosiz aurrezten ditugun hiru euroek dituzten eraginari buruz hausnartzea eta, noski, zergekin zintzo jokatzea.