Zumaian ospatu zuen Eusko Alkartasunak Alkartasun Eguna igandean, etxe barruko eztabaidari eta gizartearen egoerari begirada bikoitza eskainiz. Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak, Andoni Iriondo Gazte Abertzaleak-eko idazkari nagusiak, eta jarduneko idazkari nagusi Joseba Gezuragak hitz egin zuten ekitaldi politikoan. Beraiekin batera Veneto, Britainia eta Kataluniatik etorritako gonbidatu gazteek ere hitz hartze laburra egin zuten.
Gezuragak balorean jarri zuen Eusko Alkartasunako alderdiaren bizitza luzea eta erakundeetan lortutako emaitzak, beti ere Euskal Herria eta bere gizartearen onerako. Egun dagoen egoerari buruz, lau erronka nagusi zehaztu zuen: “Datorkigun egoera ekonomiko zaila; hauteskunde orokorrak; procés-en liderren kontrako epaia, eta alderdiaren barruko egoera eta primarien prozesua”.
Barne eztabaidari buruz ere aritu zen Gezuraga, “Eusko Alkartasunak, bere militantziak eta urte guzti hauetan egindako lanak irautea ere merezi” duela esateko. Horretaz gain primarietako prozesuaren datak zehaztu zituen: “Datorren astetik aurrera dagokion zentsuan sartuta dagoela esango zaio afiliazioari, hautagaiak urriaren 14ean ezagutuko dira eta 25ean hautaketa izango da”.
Jarduneko idazkari nagusiak baino lehen hitz egin zuen Iriondok berriz, bere belaunaldiaren ikuspegia eman zuen, krisiaren belaunaldia direla gogoratuz. Krisian gaude, esan zuen Kataluniako preso politikoei agurra eginez hitzartzea hasi zuen gazteak: “Krisi asko daude munduan, ekologikoa, zaintza krisia, ekonomikoa, Espainia krisi demokratikoan dago, feminismoa ere krisian dago”. Zehatzago joz, “EH Bildu ere krisian dago, inoiz baino bozka gehiago dauka baina hegemonia galtzen ari da eta gure alderdian ere krisian gaude”, adierazi zuen, krisi horien aurrean lan egiteko tresna baliagarriak ere badirela azpimarratuz: EA bera eta baita EH Bildu ere. “Baina lana egin behar dugu”, adierazi zuen.
Zumaiako alkateak berriz, bere herria hobeto ezagutzeko balio duten datuak eman ondoren, Eusko Alkartasunak udalerrian eta udalgintzan egindako lan oparoa gogoratu zuen. 1987an izan zuen Zumaiak EAko lehen alkatea, Castor Arrizabalaga; Marina Bidasoro ondoren; 2007an Iñaki Agirrezabala eta Ostolaza bera 2019an: “EAko militantziak beti eragin du herrian”. Gainera Zumaian independentisten arteko elkarlanean aitzindari izan zela ere gogoratu zuen: “2011ean EA, ANV, Aralar eta Ezker Batuaren arteko akordioa eman zen, gero gorpuztu zen bloke soberanistaren aurrerapena”.

Hemen duzu hitzartzeen bideoa ikusgai: https://www.youtube.com/watch?list=UUPLAYER_EuskoAlkartasuna&v=rTM4IPClTa8