“Afiliazioak erabakitako norabide eta helburuekin bat ez datorrenik badago alderdi barruan, eta guztion artean adostutako arauak sabotatzen dihardute hedabide zein epaiketa bidez”

Eusko Alkartasunako zuzendaritza zein bere organo gorenak zikintzea helburu izan dute Maiorga Ramirez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga eta Miren Aranoak. Epaiketa honetan zehar funtsik gabeko akusazio faltsuak jaurti dituzte EAko izen ona beltzeko asmoz, baina ez dute lortu. 4 salatzaileon gezurrak banan-banan argitu dituzte EAko organo ezberdinetako kideok epaiketa honetan zehar.

Estatutuak faltsutu izana leporatu diote EAko zuzendaritzari bai hedabideetara igorritako akusazio baten bidez, baita epaitegian ere. 4 salatzaileek ezin izan dute honen inguruko frogarik aurkeztu, eta egunotan argi geratu da akusazio horiek guztiz faltsuak direla, epaiketan bertan kontuan hartu gabeak izanik.
Eba Blanco buru duen Exekutibak -lehenago Joseba Gezuragak zein Pello Urizarrek bezala- araudia eskutan jokatu du momentu oro, Kongresu arteko kontrol organo gorena den Nazio Batzarrak agintzen duena betez. Gure araudian agertzen ez den gai bat jorratzerako garaian, Datuen Babeserako Legea kasu (azken estatutuak onartu ondoren berriztu zena), iturri zuzenetara jo izan dugu beti, alderdia zintzotasunez eta gardentasunez zuzentzen jarraitzeko.

Salatzaileek momentu oro izan dute alderdiaren eta alderdikide batzuen izen ona belztea beste helbururik ez zuen epaiketa zentzubako honi amaiera emateko aukera. Tamalez, nahiago izan dute Eusko Alkartasuna eta hortaz EH Bildu eta EH BAI koalizioak – hauteskunde kanpaina betean biak ala biak- tribunaletan mantenduz.
Afiliazioak erabakitako norabide eta helburuekin bat ez datorrenik badago alderdi barruan, eta guztion artean adostutako arauak sabotatzen dihardute hedabide zein epaiketa bidez.

Orain justiziak erabaki beharko du alderdi politiko baten zintzotasuna eta barne demokraziak 4 afiliaturen interes pertsonalen gaindi dauden. Eusko Alkartasunatik lehenengo aukera hobestuko delako itxaropena dugu, euskal gizarteari hoberen egiten dakiguna eskaintzen jarraitzeko: erantzukizunez lan egitea, justizia soziala, subirautza politikoa, ingurumenarekiko errespetua, oreka ekonomikoa eta elkarbizitza baketsuan oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko.