Diru-sarrera gutxien dituzten pertsonei lagunduko dien PFEZaren erreforma defendatu du Nerea Martinez Cerrillo, EH Bilduko Arabako batzarkideak. Martinezek azaldu duenez, bere taldearen helburua “zergaren sakoneko erreforma egitea da, ahalmen ekonomiko txikiagoa duten pertsonei mesede egingo diena eta diru-sarreren arabera ordaintzen dela bermatuko duena”.
Gaurko Osoko Bilkuran eztabaidatutako mozio batean parte hartu du EH Bilduko ordezkariak; horretan, ABEE egoeran dauden eta 30.000 eurotik beherako likidazio-oinarria duten pertsonei aurtengo errenta-aitorpenean 100 euroko murrizketa unibertsala egitea proposatu du PPk. Proposamena “partxe” bezala kalifikatu du Martinezek: “ez du EBEE egoeran dauden Arabako langile ugari pairatzen ari diren benetako arazoei aurre egiten”.
Proposamen horren aurrean, EH Bilduk “enpresek pandemia kaleratzeak egiteko edo langileen lan-baldintzak murrizteko erabil ez dezaten” lan egin behar dela uste du. Martinezek “pandemiaren lan-ondorioak betikoek ordainduko dituztela” ematen duela adierazi du, “aurreko krisian gertatu bezala”, eta hori saihesteko Arabako Ganberako ezkerreko alderdiei lan egiteko deia egin die.
Gai zerrendako beste puntu batean, Estatuan dauden bost zerga sistemen -Estatukoa bera eta Hego Euskal Herriko laurak- arteko koordinazioa bultzatzeko errolda instrumentala osatzearen alde egin du Martinezek. Martinez Cerrillok adierazi duenez, EH Bilduk “beti babestu eta parte hartu du iruzur fiskalarekin amaitzeko neurriak martxan jartzeko ekimenetan”.
MTZ