Elkarrizketa Begoña Erraztirekin BERRIAn

EA indartuta edo ahulduta irten da Biltzar Nagusitik?

Indartuta. Oso lan ederra egin dugu. Eztabaida benetan aberatsa izan da. Oso aurrerapauso inportantea eman dugu. Arlo nazionalean EA zer den argi dago, eta sozialdemokraziaren arloan saiatu gara sakontzen, eta lortu dugu. Hori nahi genuen, eztabaida sakon bat egitea. Horretarako dira biltzarrak. Enbor ideologiko sendoa du alderdiak. Oso pozik nago.

Baina konpondu ezinak ere nabarmenak izan dira.

EAn Kongresuak eztabaidatzeko egiten ditugu, ez aldez aurretik erabakitzen dena bozkatzeko. Beraz, logikoa da mugimenduak gertatzea. Horri ez diot beldurrik. Kongresua da horretarako lekua. Gero, egia da, izan dira ustekabe batzuk. Ezin da ukatu. Nik ez nuen espero. Baina hori bukatu da, eta aurrera egiteko bide garrantzitsua dugu.

Zein izan dira ustekabeak?

Argi zegoen zein zen Gipuzkoako zenbait pertsonen jarrera, baina beste batzuk agertu dira espero ez genituenak. Baina argi dago zein izan den emaitza eta zer nahi duen EAko militantziak.

Esan daiteke estrategian adostasuna duzuela baina kohesiorik gabeko alderdia zaretela?

Ez nuke esango kohesioa falta zaigunik. Kongresuan irabazi du inoiz baino gune homogeneoagoak. Argi dago gune hori badela, inoiz baino indartsuago. Hausnarketak ere badira, bestean zer dagoen: heterogeneotasun handia. Gainera, kontuan harturik beste alderdietan zer proportziotan ematen diren, pozik egoteko modua dago.

Gune homogeneoa zeri esaten diozu, aukeratua izan den batzorde eragileari, edo konpromisarioen %60 horri?

Zuzendaritzari babesa eman dion multzoari.

Hala ere, orain lau urte baino babes txikiagoa du zuzendaritzak.

Bai eta ez.

Bai eta ez? Portzentaiak argiak dira: %5 gutxiago.

Zenbakiak eztabaidagarriak dira. Gainera aurreko Kongresuan Carlos Garaikoetxeak utzi zuen lehendakaritza, eta zalantzarik gabe Garaikoetxearena zen boto bat egon zen. Gauzak horrela dira. Eta oraingo botoa askoz zehatzagoa izan da.

Ponentziaz ez da askorik hitz egin. Azkenean, eztabaidak ateak itxita egin ziren gainera…

Hala izan behar baitira, itxita.

EAJrekiko lankidetzari buruz adostasun batera heldu zaretela ematen du. Ponentzian gai hori irekita utzi delako, gehiegi zehaztu gabe, edo benetan adostasuna lortu duzuelako?

Zehaztua dago, oso zehaztua. Esaten dugu abagune historiko honen aurrean aldaketarako aukera badagoela, eta aukera hori Legebiltzarreko eztabaida demokratikoan gauzatzen dela, Gobernuaren proposamenaren inguruko eztabaidan. Gure apustua hori ahalbidetzea da. Apustu zehatza egiten dugu, eta esaten dugu hori aurrera ateratzeko beste alderdiekin lankidetzarako prest gaudela.

Beraz, Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena bultzatzea eta babestea da EAren lehentasuna…

Abagune honetan. Ez da helburu finalista.

… baina ataka zailean egon daiteke hemendik gutxira Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Espainiako Gobernuaren helegitea tramitera onartzen badu. Horri nola erantzun pentsatua duzuela esana duzu. Nola ba?

Azken batean eztabaida demokratiko baten aurka indarkeria erabiltzen dute. Baina kanpotik ezin zaio esan legebiltzarkide bati ezin duela aurkeztu ekimen parlamentario bat. Ezin da. Ez Auzitegi Gorenak, ez Konstituzionalak, ez inork. Parlamentuetan ekimen parlamentarioak egoten dira, eta egongo dira.

Jaurlaritzak aurkeztu zuena legebiltzarkideek aurkeztea izan daiteke beraz erantzuna.

Zergatik ez?

Baina asmatuko dute ekimen hori ere blokeatzen.

Ezin da. Tankeak eramaten badituzu Parlamentura, edo ixten baduzu Parlamentua, bai. Baina munduaren aurrean, zer? Zer sinesgarritasun izango luke PPk? Zergatik egiten du PPk eztabaida baten kontra? Argi dago. Herri honen gehiengoak aldaketa nahi duela esango duelako. Nahiz eta Gasteizko Parlamentuan izan, gure herriaren gehiengoa hor baitago.

Eztabaida politikoaren gune nagusia Gasteizko Parlementua da, baina abertzale askoren iritziz Euskal Herri osoa hartuko duten gune zabalagoak ere behar dira.

Jabetzen naiz Euskal Autonomia Erkidegoan planteatzen dela eztabaida hori. Guk ez ditugu beste lurraldeak alde batera uzten. Gertatzen da gure zirrikituak baliatu behar ditugula. Argi dago abiadura ezberdinetako lurraldeak ditugula gure herrian. Gure helburuan lurralde guztiak daude, baina aurrerapausoak emateko posible dena baliatu behar dugu. Eta posible dena da eztabaida hor sortzea. Hori argi eta garbi dago. Hori intelijentzia politikoa da.

Nazio Eztabaidagunea abian da, EAJk Alderdien Mahaia proposatzen du aztergai duen ponentzian…

Gure herriak irtenbide bat merezi du eta horretarako eztabaidatu nahi dutenekin jardun behar dugu. Eta hor aldaketa garrantzitsuak beharko lirateke, Batasunan adibidez. Eta ziur naiz batzuk horretan dihardutela jada: denak ez, baina batzuk posibilismo politikoan daude, hemen jokoan asko dagoela jabetuta. Guk beti zabalik izan dugun bidea da beste alderdiekin harremanak izatea, planteamendu horrekin: hemen gatazka bat dago, eta konpondu behar dugu. Nazio Eztabaidagunea ere hor dago. Ea lortzen dugun berriro beste giro bat, behar diren harremanekin. Giro hori sortzen lagunduko dugu, beti ere gure oinarriekin: nazionala bai, baina ideia diferenteei errespetua, eta indarkeriaren aurkako jarrerarekin. Kongresu bukaerako nire hitzaldian esan nuen ezinbestekoa dela beste alderdi abertzaleekin lan egitea, ikuspuntu horretatik, eta gutxieneko batzuk hitzartu behar ditugula, arin, nire ustez. Ziur nago datozen garaiotan aldaketa garrantzitsuak izango direla gure herrian. Bakoitza bere arloan, baina dena parekatuta doa: eztabaida, aldaketak, gai izatea posibilismoz jokatzeko, aurrerapausoak ematea, konfiantzazko espazioa lortzea, zentralismoari argudioak kentzea…

Aldaketa horiek abertzaleen elkarlanetik etorriko direla uste duzu?

Benetan hori espero dut.

Nafarroan abertzaleen arteko koalizioa proposatu zuen Aralarrek, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako. Zertan da gai hori?

EAren planteamendua uda baino lehenagokoa da, esanez fronte espainola mantentzen bazen, nire ustez euskal bloke bat egon behar zela. Orain dela ez dakit zenbat esan nuen. Orain gauza bera pentsatzen dut.

Baina ezer aurreratu duzue?

Hor ari dira. Ondo doaz gauzak.

Euskal bloke bat beharko litzatekeela orain dela gutxi esan dute Batasuneko kideek ere.

Zerbaiterako balio du esaten dugunak, edo dudanak. Pozgarria da. Inportantea litzateke Madrilen bloke bezala agertzea.

Nafarroan ez ezik beste euskal lurraldeetan ere egin daiteke?

Aurreratuago dago Nafarroan. Bestean, oraingoz ezer ez dagoela uste dut. Garrantzitsuena gure interesak Madrilen defenditzea da. Zer formularekin, beste gauza bat da.

Beraz, martxoko hauteskundeei begira zuen eztabaida ez da izango EAJ-EA koalizioa berritzeari buruz, zerbait zabalagoari buruz baizik.

Bai, halaxe da. Gu EAJrekin ez ginen joan 2000. urteko hauteskundeetan. Panorama beste bat da orain.

Jatorria: Begoña Errazti