Ekainak 5a Ingurumenaren nazioarteko eguna da, eta berdea izan behar zuen eguna ( 365 etik 1 behintzat!) belztu digute guztiz. Artikoan 21.000 TONAko petroleo isuriak sortutako ingurumen alarmarekin esnatu gara, Norilskeko zentral Termoelektrikoan gertatutako istripu baten ondorioz.

Ingurumenaren Munduko Eguna da, mundu jasangarri bat, oxigenoz eta bizitzaz betetako planeta bat aldarrikatzeko beharko lukeen eguna. Gaurko egunean, inoiz baino indartsuagoa behar dugu Inguramenaren aldeko borroka; Eusko Alkartasunak erakunde ezberdinetan aurrera eraman duen borroka – Patxi Ormazabal, Sabin Intxaurraga edo Esther Larrañaga buru Eusko Jaurlaritzan, edo Mikel Mintegirekin Arabako Foru Aldundian. Ekainak 5 honetan guda deklaratu nahi diegu kutsatzea merkeegi irteten zaien horiei, Ama lurra erasotzea helburu duten horiei, natura salgai dagoela uste duten horiei, eta batez ere, horrelako pentsamendua eta jokaera zilegi dela irudikatzen duten botere eta buruzagiei. Politika irmo, konprometitu eta ezeztaezinak martxan jarriko dituzten erakunde ausartak eskatzeko unea.

Koronabirusak sortutako egoeratik eratorritako krisi ezberdinek ondorio larriak ekarri eta ekarriko ditu. Ia 3 hilabetez bakean utzi dugun Ingurumenak arnasaldi ederra hartu du, giza injerentziarik gabe. Baina orain arriskuan dago berriz, estatuek produktibitate kutsakor eta suntsitzaileari eusten badiote; ekologiari baino, ekonomia lehenesten badute.

Eusko Alkartasunatik argi dugu ingurumen krisiari aurre egiteko premiazko neurriak garatu behar ditugula erakundeetatik , eta hauek politika publiko guztien lehentasuna izan behar dutela. Inork ez dezala politika jasangarriak bigarren mailara pasatzeko tentaziorik izan.

Gero eta ekoizpen-lur gutxiago dagoen honetan, itsasoen egoera dramatikoa denean, klima-aldaketaren ondorioak geroz eta bortitzagoak direnean… Mugitu beharra dugu. “Ez biharko utzi gaur egin dezakezuna”, esan ohi da. Esamolde hori aldatu behar dugu; “ez utzi biharko, orduan konpondu ezingo duzuna”. Berdearen alde apustu kementsua egingo duen gobernuak behar ditugu, neurri zuzenak hartuko dituztenak.

Garraio publikoa lehenetsiko dutenak pribatuaren gainetik – Eusko Jaurlaritzak Diesel eta gasolina autoak erosteko laguntzak eskaintzea postCovid-eko lehen neurri gisa da egin behar EZ denaren adibide argia-. Zabortegien kudeaketa publikoa izatea, errauskailu kutsakorretan zaborra, gure osasuna eta planetaren jasangarritasuna erre ez daitezen, eta ZALDIBARREKO ingurumen eta giza ezbeharra berriz geratu ez dadin. Gure kaleetan berdez inguratutako bizi eta oinezko gehiago izan ditzagun, eta keztutako porlan eta auto gutxiago. Guzti hau erraz eta merkea da burutzen eta kudeatzen, eta batez ere herritarrak ahalduntzen ditu, iraultza honen protagonista aktibo bilakatuz.

Neurri asko hartu ditzakegu norbanako gisa, eta baita erakundeetatik. Adituek hainbat maila ezberdinetan zehazten dituzte, besteak beste 350 akademiko inguruk Euskal Herriko ekonomia ekologikoaren alde sinatutako “Euskal Herria PostCovid” manifestuan jasotzen den bezala. Neurri horien ekarpenak nabarmendu nahi ditugu; eredu-aldaketa, ekoizpen-politika iraunkorrak sustatzea, elikadura-subiranotasuna defendatzea edo garraio jasangarria bultzatzea.

Eusko Alkartasunatik bat egiten dugu hausnarketa horiekin, eta sozialki zein ingurumen aldetik itotzen gaituen egungo eredu ekonomikoa aldatzeko apustua egiten. Natura eta ikuspegi soziala eredu politiko-ekonomiko berri horren bihotza eta burua izatea lortu behar dugu, eta hori instituzioetatik landu beharreko zeregina dugu. Erakunde publikoak sektore jasangarriak eta ekologikoak babestu eta sustatzeko baliatu behar ditugu. Inbertsioak ez ezik, eredu-aldaketa hori bideratzeko beste modu bat fiskalitatea da, oso tresna eraginkorra jarduera jasangarriak sustatzeko. Zer gertatuko litzateke jasangarri izatea, kutsakor izatea baino merkeago balitz enpresa eta industrientzat?

Covid19aren krisiak erakutsi digu herri gisa gure burua hornitzearen garrantzia maila guztietan; osasun baliabideetatik hasi, energia eta elikadurara arte. 0 kilometroko gobernua, 0 kilometroko politikak egiteko, 0 kilometroko horniduraz! Hau izan da Eusko Alkartasunaren apustua egon garen erakunde guztietan, eta berrezten dugu datorkigun legegintzaldiaren aurrean. Klima aldaketaren aurkako Euskal plana aurkezten lehenak izan ginen, horretarako sortu genuen IHOBE agentziatik. Pentsa zenbat hobetu dezakegun ingurumenean sinisten dugun alderdiak gobernuan egonik!

Urgentziaz behar dugu ingurumenean oinarritutako ekonomia zirkularra martxan jartzea. Eusko Alkartasunatik lanean jarraitzen dugu “normaltasun berriak” ingurumenaren defentsa irmoa ardatz izan dezan. Erakundeetatik egungo modelo kutsakor eta higatzailea, modelo jasangarri, zirkular eta berdea bilakatuko dugu; Norilsk, Fukushima, Prestige, Verter Recliclyng eta enparauek gogotik ordaindu dezaten ingurumenari egindako kaltea.