EAko idazkari nagusiak, Pello Urizar, EH Bilduren ekitaldian parte hartu zuen pasa den igandean

Ez dakit zer ondorio atera dituzuen Bakartxok esandakotik, baina niri gauza bat argi gelditu zait: Euskal Herriak estatus propioa izateko eskubidea dauka, euskal herritarrek erabakitakoa, eta iraganean bezala, gaur egun eta etorkizunean ere, espainiar eta frantziar legediak pare parean izango ditugu, gure herriak daukan eskubide horren kontra.

Eta Bakartxok esan duen moduan oinarri edo kultura demokratikoaren faltan dago arazoa. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenean argi nabari da demokrazia nola ulertzen den Espainian, eta konparaketa eginez, munduko beste toki batzuetan nola ikusten den ere ikusi dezakegu. Adibide bat:

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak subjetu politikoa izatea ukatzen dio Catalunyari, eta beraz, Euskal Herriari ere. Politikoki, erabakitze eskubidea existitzen dela aitortzen du, baina espainiar erakundeei egokitzen die egikaritzeko aukera bakarra, espainiar konstituzioaren muga jarriz, espainiar konstituzioa kartzela bihurtuz, hau da, erabakitze eskubidea, espainiarrek nahi dutenean.

Erresuma Batuak onartzen du eskoziarrek beraien etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukatela, eta Eskoziak erreferenduma antolatu ahal izango du irailean, arazorik gabe.

Espainiaren erantzuna? Erresuman Batuaren legedian onartua dagoela eskubide hori, baina espainiar Konstituzioak ez duela onartzen.

Canadako Konstituzioak ezta ere, baina hala ere, Quebec-ek bi erreferendum antolatu ahal izan ditu jada, 1980an eta 1995ean. Eta are gehiago, 1998an, Canadako auzitegi gorenak Quebec-eko erabakitze eskubideari buruz ebazpen bat atera zuen, bi ondorioekin:

  1. Quebec-i bere kabuz, unilateralki, independentzia aldarrikatzeko eskubidea ukatu zion.
  2. Baina, quebekuarren gehiengoak independentzia prozesua irekitzeko borondatea adierazten bazuen, Canadako gobernua negoziatzera behartzen zuen.

Hori bai da oinarri edo kultura demokratikoa izatea; legedian agertu ez arren, legitimotasun demokratikoa onartzea, eta bide ematea.

Zeren hor dago gakoa, Espainiako eta Frantziako gobernuek ikusi nahi ez dutena: legitimotasun demokratikoaren eta legalitatearen arteko talka ematen bada, hau da, herrien erabaki askearen eta egungo egitura juridikoen arteko talka ematen bada, lehendabizikoak irabaziko duela.

Eta hor daukagu guk ere egin beharreko lana, hor daukagu egin beharreko Euskal Bidea, Euskal Herriko eremu desberdinetan gehiengoa gureganatzea, legitimotasun demokratiko hori irabazteko. Iparraldean, Nafarroan, eta hemen bertan, muga bakarra Euskal Herriko biztanleriaren erabakia izango da, ez besterik.

Eta horretan gabiltza: Iparraldean, ezkerreko abertzaleon estrategia bateratuak bere emaitzak ematen ari da. Gaur daukate udal hauteskundeen bigarren itzulia, eta beraz, oraindik behin betiko emaitzarik ez daukagu, baina lehen itzulian, zerrenda abertzaleek orain 5 urte ateratako bozken bikoitza lortu dute, eta horek emaitza oso onak dira.

Nafarroako egoerari buruz zer esan daiteke. Nafar gizarteak aldaketa eskatzen duela, eta UPN eta PSNren etengabeko eragozpen ariketen gainetik, eman emango dela, azken hamarkadetako erregimenaren amaiera jada heldu delako.

Baina Nafarroan ere, aldaketa herriarekin batera egin behar dugu, egiten ari gara, eta egingo dugu, jakin bait badakigu errotua dagoen sistema bat aldatzeko modu bakarra herriarekin batera egitea dela.

Udal eta Foru hauteskundeetan aldaketa errealitatea bihurtuko da, zalantzarik gabe.

Eta EAEra bagatoz, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batzen dituen eremu administratibo honetara bagatoz? Hemen ere bide luzea eta lan asko daukagu egiteko, eta egitea tokatzen zaigu.

Estatus berriaren ponentzia eratu berri da Gasteizko Legebiltzarrean. Aprobetxatuko dugun beste tresna bat, baina ez bakarra, zeren hemen ere kontziente izan behar gara erakundeetako bidea beste batzuekin osatu behar den bidea dela, Euskal Bidearen zati bat dela, baina ez bakarra, eta ez erabakigarriena.

Ponentzia hau izatez ez da berria. 2003an ere antzerako bat osatu zen, denok gogoratzen dugun bezala, eta bertatik ikastea dagokigu, aurrera egitea nahi badugu. Prozesu haren ezaugarri nagusiena erakundeetatik bideratua izan zela zen, soilik erakundeetatik bideratua, eta erakundeetako bideak oztopoak aurkitu zituenean, herria bota genuen faltan, herriak ez zuen apustu hura propio bezala hartu, eta hori izan zen ariketa haren bukaera. Kitto.

Eta etorkizunean ere egoera berdinean egon gaitezke, gauzak beste modu batetara egiten ez baditugu, zeren eta ponentziaren hasiera, onar dezagun, ez da izan batere erakargarria.

PP eta PSE betiko formuletan, gehienez ere egun agortua dagoen Estatutuaren erreforma helburu, eta muga bezala espainiar legedia jarriz. Ezer berririk ez zeru azpian.

Baina, eta EAJ? Ba beti bezala, bai baina ez. Betiko anbiguotasuna. Hemen ere, ezer berririk ez zeru azpian.

Bere bozeramaile den Joseba Egibarrek erabakitze eskubidea eta berau lortzeko gehiengo demokratikoak aldarrikatzen dituen bitartean, EAJk eta PSEk ponentziaren sorrera hitzartzen dute, Estatutuaren eguneratzea azpimarratuz eta erabakitze eskubidea baztertuz. Eta aste honetan bertan, egun Jaurlaritzako bozeramaileak den Josu Erkorekak aldarrikapen nazionalak egungo markoan defendatu daitezkeela adierazi du, jakin badakienean marko horrek erabakitze eskubidea ukatzen duela eta euskal jendartearen gehiengoari bizkarra ematen diola.

Oker dabilela esan behar diogu EAJri.

Aldarrikatzen dituzten gehiengo demokratiko horiek ezin dira osatu herri bezala ukatzen gaituztenekin, gure eskubideak ukatzen dizkigunekin,… beraz, demokratak ez direnekin…

Eta egungo markoaren defentsan Euskal Herriak ez du sekula irabaziko, gehienez denbora batez berdindu, baina azkenean, nahi ta ez, galdu.

Hori dela eta, dei zuzena egin nahi diogu EAJri anbiguotasun kalkulatu hori atzean utzi dezan eta Legebiltzarrean, erabakitze eskubidearen defentsan, EHBildurekin bat egin dezan. Elkarrekin gehiengoa osatzen dugu eta erkidego honetako erakundeak erabakitzeko eskubidearen zerbitzura jarri ditzakegu, euskal gizartearekin batera egin beharreko bidean.

Hacemos un llamamiento al PNV para que rompa su calculada ambigüedad, y unamos nuestros votos en la Cámara de Gasteiz en defensa del derecho a decidir. Juntos constituimos la mayoría y podemos poner las instituciones de esta comunidad al servicio del derecho a decidir, en el camino que debemos desarrollar junto a la sociedad vasca.

Herriak dauka hitza eta erabakia. Hori izango da gure herriaren eskubideak lortzeko onartuko dugun muga bakarra, besterik ez.

Urizar EH Bilduren mitina Donostian

Urizar EH Bilduren mitina Donostian