M17 Sexu jazarpenari aurre

LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunean, Eusko Alkartasunatik aldarrikatu nahi dugu pertsona guztiek dutela maitasuna askatasunez bizitzeko eskubidea. Horregatik adierazten dugu, gaur eta egunero, edozein diskriminazio motaren aurkako borrokan dugun konpromiso irmoa. Argi daukagu beharrezkoa dela, bai kalean bai erakundeetan, sexu-askapenaren aurkako jazarpenei aurre egitea.

Erakunde publikoen politika irmoak eskatzen ditugu LGTBI pertsonen eskubide eta beharrei erantzuteko. Erakundeek ezin dute beste aldera begiratu kolektibo honek jasaten duen diskriminazio etengabearen aurrean. Ildo horretan erakundeek Skolae moduko hezkuntza integrala ahalbidetzen duten tresnak bultzatzeaz gain, hauek babestu behar dituzte. Hezkuntza afektibo sexualean ausardiaz jokatu behar dugu, maitasunean oinarritutako harreman sanoak nahi ditugulako, ez gorrotoan eta aurreiritzietan ereindako jazarpenak.

Eusko Alkartasunak argi dauka: goazen maitasunera eskutik, eta LGTBIfobiari aurre egitera!