Europako Parlamenturako hautagaitzaren manifestua

Europako Parlamenturako hauteskundeak sistema ekonomiko kapitalistaren krisi sakonak markatutako egoera batean egingo dira. Maiatzaren 25eko bozak testuinguru latz batean datoz: zerbitzu publikoak murrizten eta eskubide sozialak deuseztatzen ari dira etengabe; horren ondorioz, milioika pertsonak langabezia, etxe-desjabetzeak, prekarietatea, pobrezia eta bazterketa soziala pairatzen dituzte.

Krisi ekonomikoa Europar Batasuna legitimitate demokratikoz are gehiago husteko aitzakia biribila izan da. Europako Batzordeak eta Kontseiluak neurrigabeko agintekeriaz erabili dute beti boterea, eta orain, gainera, Troikak kontrolatzen ditu programa publiko nagusiak.

Europako gobernuek ez dute inolako zalantzarik izan bankariak altxor publikoaren kontura erreskatatzeko, eta aldi berean, austeritate politika deritzotenaren izenean, buru-belarri ekin diote programa publikoak murrizteari, osasun sistema, irakaskuntza publikoa eta zerbitzu sozialak pribatizatzeari eta lan baldintzak okertzeari, horretara bideratutako neurriak zorroztuz.

Gaur egungo egoera oso latza da: langabezia goraka doa, enpresak itxi edo deslokalizatu egiten dira, herrien ekoizpen ahalmena mugatzen da, zerbitzu publikoak murrizten dira eta neurri gero eta zorrotzagoak hartzen dira herritarrei beren haserrea askatasunez adieraztea eragozteko. Testuinguru horretan, izaera xenofobo eta arrazistako ekimenak eta ideia ultrakontserbadoreak oso era arriskutsuan hedatzen ari dira jendartean, eta indar handiz sartzen agertoki politikoan naiz hauteskundeetan

. Herritarrek gero eta atxikimendu eskasagoa erakusten diote indarrean dagoen eredu politikoari, ez baitu jendartearen parte-hartzerako eta, are gutxiago, ahalduntzerako espaziorik eskaintzen. Horren ondorioz, ideia ultraeskuindarrak erraz sartzen ari dira hainbat gobernuren eta EB beraren programetan. Asilo politikoaren eta immigrazioaren kontrako politikak errealitate horren adierazle argiak dira, eta maiatzeko europar hauteskundeetako protagonista nagusiak izan nahiko luketen alderdi batzuen aliaturik onena.

Inboluzio demokratiko larriko testuinguru horretan, Europako hauteskundeek dilema ugari planteatzen dizkiete ezkerreko independentista eta soberanistei. “Herriek Erabaki” hautagaitza osatzen dugun indar politikoontzat, hauteskunde horiek borrokarako beste jokaleku bat dira, Troikaren planen kontra eta, oro har, korporazio kapitalisten interesetara makurtzen den eta aldi berean langile klasea eskubiderik gabe uzten duen Europar Batasun honek daraman norabidearen kontra borrokatzeko jokalekua, hain zuzen ere.

Gure iritziz, jendarte eredu justu eta solidario baterantz aurrera egiteko era bakarra gure herrien burujabetza erabakitasunez bultzatzea da, gaur egungo testuinguruan inoiz baino gehiago.

Eredu honen kontra gaudenez, benetako alternatiben alde lan egin beharra daukagu, pertsonen premiei eta herrien borondateari erantzungo dien eta merkatuen aginduei men egingo ez dien aliantza kontinental bat eraikitzeko. Epe laburrean austeritate politiken ondorio suntsitzaileak arinduko dituen eta emergentzia sozialeko egoera larriari irtenbidea emango dion neurri-programa bat defendatzen dugu. Hala ere, horrek ez du eragotzi behar gai estrategikoei buruzko eztabaida sozial eta politikoa mahai gainean jartzea, besteak beste gaur egun transnazionalen eskuetan dauden bankuen eta beste sektore estrategiko batzuen jabetzaren inguruan.

Espainiar estatuari dagokionez, gaizki deituriko Trantsiziotik sortutako eredua krisian sartu dela ikusten dugu. Guk hasiera- hasieratik salatu dugu Erregimen hau, ez baititugu inola ere onartzen haren zimenduak, hau da, oroimen historikorik eza, elite ekonomikoen interesen babesa, disidentzia politikoaren jazarpena eta ustelkeria sistematikoa, besteak beste. Horrek ematen digun legitimitate historikotik, nazio zapalduen ahotsa entzunaraziko dugu Europan, mugimendu sindikal eta sozialen bidez eskubiderik oinarrizkoenen alde borrokan ari diren herritar sektore gero eta zabalagoen ahotsa eramango dugu Europara, eta aldarrikatzen dituzten eskubideak aldeztuko ditugu han, hala nola norberaren herrian lan duina edukitzeko eskubidea eta etxebizitzarako, osasunerako nahiz hezkuntzarako eskubidea, beste batzuen artean.

Ezkerreko indar soberanistak edo independentistak gara eta, herrien autodeterminazio eskubidearen defentsa argia eginez eta Europar Batasuneko eredu sozioekonomikoa aldatzeko ardura hartuz, honako konpromiso hauetan oinarritzen dugu gure aliantza:

Bai Justizia Sozialari. Espekulazio finantzarioaren burbuila lehertu zenetik, EBk, Troikak eta Europako gobernuek bankuak erreskatatzeko eta “ongizate estatua” deritzona likidatzeko politikak ezarri dituzte. Eredu hori lan prekarietatearen eta eskubide sozialen murrizketa orokorraren sinonimoa da eta langile klaseak nahiz jendarteko sektorerik ahulenak zigortzen ditu. Horregatik, eredu horren kontra borrokatzeko konpromiso irmoa dugula adierazten dugu. Manifestu honekin bat egiten dugun erakundeok ekintza politikoa eta herri mobilizazioa bultzatuko ditugu egoera horri aurre egiteko. Espresuki exijitzen dugu zor publikoaren nahiz pribatuaren auditoria egitea, eta zor bidegabea ez ordaintzea proposatzen dugu. Era berean, Europan oinarrizko errenta bat ezartzearen aldekoak gara.

Ez kapitalaren Europari. Gaur egungo Europar Batasuna desegiteko prozesu baten alde gaude, herritarren eta herrien Europa sortzeko prozesu baterako ezinbesteko urrats gisa. Gure nazioek burujabetza osoa lortzeko eskubidea dute, besteak beste etorkizunean Europar Batasuneko edo Diru Batasuneko kide izan nahi duten ala ez erabaki ahal izateko, eta irmoki aldarrikatzen dugu eskubide hori. NATOren kontra gaude, inperialismoaren adierazpen militarra delako, eta ez dugu Euroarmadarik nahi. Lurraldea babestearen aldekoak gara, eta espekulazioaren nahiz ingurumena hondatzearen kontra gaude, horrek miseria ekartzen dielako milioika pertsonari. Elikadura burujabetzaren alde eta onura kolektiboa interes pribatuaren gainetik jartzearen alde gaude. Europako pertsona guztiei osasunerako, hezkuntzarako, laguntza sozialerako, kulturarako eta etxebizitzarako eskubidea benetan bermatu behar zaiela aldarrikatzen dugu.

Bai Europako eta mundu zabaleko prozesu subiranista edota independentistei. Europan ematen ari diren prozesu independentistak babesten ditugu –Eskoziako eta Kataluniako erreferendumak-, eta gure elkartasun osoa adierazten diegu Latinoamerikako emantzipazio prozesuei, Palestinako eta Saharako herrien borroka heroikoari eta Kurdistango edo Kolonbiako gatazkak negoziazioaren bidez konpontzeko prozesuei. Bokazio internazionalista argi batetik, beren askatasunaren eta duintasunaren alde borrokan ari diren munduko herri guztiekin bat egiten dugu. Ildo horretan, “Herriek Erabaki” hautagaitzak bakearen, lankidetzaren eta elkartasun internazionalistaren kultura sustatuko duen jendarte eredu baten aldeko konpromiso argi eta sendoa hartzen du.

Ez globalizazio neoliberalak eragiten duen eta estatuen politika zentralistek sustatzen duten uniformizazio kultural eta linguistikoari. Hizkuntza eskubideak eta herrien kultur aniztasuna bermatuko dituen marko baten alde gaude. Era berean, herrien burujabetza aldezten dugu informazioaren eta komunikazioaren arloan ere.

Bai erabateko askatasun demokratikoei. Krisiaren aitzakiarekin, Espainiar estatuak birzentralizazio eta uniformizazio politika bati ekin dio, eta, horrekin batera, askatasun publikoak eta eskubide zibilak mugatzera bideratutako neurriak hartzen ditu. Trantsizioan sortutako bilbadura juridiko-politikoak herrien espetxe bihurtu du estatua. Erabateko askatasun demokratikoen agertoki bat sustatzearen alde indarrak biltzeko konpromisoa hartzen dugu. –

Ez genero diskriminazioari. Guretzat hori ez da enuntziatu formal hutsa, baizik eta benetako berdintasuna eta diskriminazio ororen amaiera bermatuko dituen exijentzia normatibo, juridiko eta praktikoa. Ildo horretan, neurri integralak hartu behar dira patriarkatuak markatutako errealitatea deseraikitzeko, indarkeria sexista desagerrarazteko eta, bereziki, emakumeei beren gorputzaz, sexualitateaz eta ugaltze ahalmenaz erabakitzeko eskubidea benetan bermatzeko. Espresuki salatzen dugu Espainiar estatuan abortatzeko eskubidea murrizteko onartu den legea. –

Bai berdintasunari, jatorri, arraza, erlijio, ideologia, sexu joera, kultura, gaitasun edo beste edozein arrazoirengatik egiten den diskriminazio oro desagerrarazteko. –

Ez faxismoari eta arrazakeriari. Europa-gotorlekuko mugetan milaka heriotza eragin dituzten eta arrazakeria elikatzen duten immigrazio politika kriminalen kontra borrokatuko gara. Era berean, ultraeskuinari mozorroa kentzeko lan egingo dugu, sistemak eta beraren eliteek desberdintasunak betikotzeko baliatzen duten tresna bat dela agerian utziz. Europa Hauteskundeak