“Gure momentua da, herri honek eta bere herritarrek aldaketa behar dutelako, eta aldaketa hori EH Bilduk bakarrik jarriko duelako martxan”, adierazi du Eba Blancok, Eusko Alkartasunako jarduneko idazkari nagusiak eta EH Bilduren Arabako hauteskunde-zerrendako bigarrenak. Igandean hautestontziak “ultraeskuina zokoratzeko balioko duten eta merezi dugun herria eraikitzeko behar dugun eraldaketari hasiera emango dioten” botoekin betetzeko deia eginez.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gizartearen gehiengoa abertzalea eta ezkertiarra da, “eta hori da EH Bilduk proposatzen duen aldaketa”, Blancok azaldu duenez: ezkerreko subiranotasunaren ardatzekin egindako eraldaketa, herritarrek lortu nahi duten esparru politiko berria adostea lortzeko eta politika sozial, ekonomiko eta fiskal aurrerakoiak garatzeko, gainean dugun krisi ekonomikoan inor atzean gera ez dadin.

EH Bilduk bakarrik aurkeztu du pertsonen bizi-kalitatean eragiteko gai diren eraldaketak proposatzen dituen hauteskunde-programa. Hori dela eta, igandean jokoan bi eredu baino ez daudela uste du Eba Blancok: “EAJ eta PSErena, ez dena ez abertzalea ezta ezkerroa ere alderdi batek bestea neutralizatzen baitu, eta Maddalen Iriarte buru duena”. Iriarteren papera azpimarratu du hautagaiak, “ibilbide profesional zabala eta elkarrizketarako joera duen emakume feminista bat” Eusko Jaurlaritzaren buru izatearen garrantzia azpimarratuz: “horrek ere EH Bilduk planteatzen duen eraldaketa bultzatuko du”.
azkena gazteleraz