Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkari Ikerne Badiolak alderdi subiranista katalanek hartu duten erabakia txalotu du, “Madrilek defendatzen duen legaltasun konstituzional ukatzailearen aurrean gizartearen legitimitate demokratikoaren defentsa egitea erabaki dutelako”. Eusko Alkartasunaren ordezkariak baieztatu du “bide hura dela, laster edo berandu, Euskal Herriak abiatuko duena, independentziarantz doan Euskal Bidea, hain zuzen ere”.
Badiolak aditzera eman du “Kataluniako prozesu subiranistak A-9aren ondoren dirauela”, eta Artur Masek atzo esandakoen ondoren eta ERCko buru Oriol Junquerasek abenduaren 2an hitzaldi batean esango dituenen ostera, “ez dago inongo dudarik, Rajoyren mehatxu eta kereilen gainetik, Kataluniako mugimendu subiranistak ez dituela bere zilegizko asmoak bertan bera utziko hiritarrek zein estatus politiko nahi duten erabakitzen duten arte”.
EAko ordezkariak Kataluniako klase politikoaren “ausardia” azpimarratu du, “euskal gizartearen nahia entzun gabe Konstituzioaren erreforman parte hartu nahi duen EAJren zalantzati baten aurrean”. “Aukera horrek porrot egingo du, ez dagoelako subirautza partekaturako edo berdinen arteko akordio baterako aukerarik, Madril eta Parisek ez dutelako Euskal Herria zuzenbide-subjektu bezala onartzen”, esan du.
Badiolak Euskal Herrian “gure bidea ekiteari” dei egin du “bi premisa pean: alde batetik, bidea ahalik eta eragile politiko, sozial eta sindikal gehienek adostu behar dute; bestetik, euskal gizartearen gehiengoak bultzatu beharko du”. Aldebakarreko prozesua izango da, zeinetan euskal gizarteak nahi duen estatus politikoa aukeratuko duen.